Gorakadak adiskidetasunari eta biziraupenari buruzko istorioa dakar

Aritz Maldonado 2023ko urt. 20a, 16:36
Maider López eta Nerea Ariznabarreta.

Dortoka txiki bat da Kelonia eta itsasoa antzezlaneko protagonista. Hondartzan jaio ostean, hirian murgilduko da, itsasora joan beharrean. "Istorio xamur eta dibertigarria da, zuzeneko musikagaz eta objektuen bidezko antzerkiaren bidez kontatua", azaldu dute konpainiako kideek. Elorrioko Arriolan egon dira azken bi asteetan obrari azken ukituak ematen. "Guretzako ohore bat da Gorakada bezalako konpainia batek Arriolan bertan egitea estreinua", azaldu du Txano Arriolako programatzaileak. 

Domekan estreinatuko dute antzezlana, Elorrioko Arriolan. Nerea Ariznabarreta aktorea da protagonista, eta Maider López arduratuko da zuzeneko musikaz. Obraren egilea Dora Cantero da eta bera arduratu da obra zuzentzeaz; Idoia Barcelók itzuli du testua. Emanaldia 17:00etan izango da. Elorrioko Arriolan bertan egin dute obra aurkezteko eta estreinua iragartzeko prentsaurrekoa. Lau urtetik gorako ikusleentzat da antzezlana, konpainiakoen esanetan. "Pozik gaude, gai izan garelako antzerkizaleen adin tartea zabaltzeko", azaldu du Nerea Ariznabarreta aktoreak. Bera izango da Keloniaren pertsonaia egingo duena. Ideiaren jatorria Herrialde Katalanetan dagoela nabarmendu du ostera Alex Diaz zuzendariak "Dorari aurkeztu nion ideia, iazko maiatza inguruan, eta ordutik lanean ibili gara". Martxoan, gainera, hara joango dira emanaldia eskaintzera, Igualadako Mostrara. 

Elorrioko estreinaldiaz gainera, ia beste hogei emanaldi iragarri ditu konpainiak. Besteak beste, Donostian, Bilbon eta Barakaldon taularatuko dute Kelonia eta itsasoa. Durangaldean ere hainbat emanaldi egingo dituzte: Berrizko Kultur Etxean (apirilak 23), Durangoko San Agustin kulturgunean (maiatzak 14) eta Zornotza Aretoan (maiatzak 20).

Gazteekiko konpromisoa
Gorakada konpainia historikoa da Euskal Herrian; 1987an sortu zenetik, erreferentziazkoa bilakatu da, eta publiko gaztearekiko konpromisoa azpimarratu dute hasieratik. Azken sasoian, Ulisesen bidaia, Pinocchio eta Zuhaitzak landatzen zituen gizona lanak aurkeztu dituzte; azken honengaitik dramaturgiarik onenaren Feten saria jaso zuten iaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!