"Munduko kopa Argentinak irabazi izana izugarria da, zoramena,... zerbait oso-oso hunkigarria"

Ekaitz Herrera 2022ko abe. 19a, 20:22

Iurretako La Bodeguilla komunitate argentinarraren topaleku izan da Munduko futbol txapelketak iraun bitartean.

Iurretako eta Durangoko komunitate argentinarrak pozarren ospatu du futbol selekzioaren garaipena. Poza eta emozioa bor-bor dituzte oraindik, Argentinak Munduko kopa altxatu eta 24 ordura. Darío Suffardi eta bere lagunek Iurretako La Bodeguillan jarraitu dituzte partidak.

Iurretako La Bodeguilla taberna komunitate argentinarraren tenplu izan da egunotan. Udalerriko eta Durangoko argentinarrak bertan batu dira atzora arte, gizonezkoen futbol selekzioak egindako gol bakoitza oihukatu eta garaipen bakoitza ospatzeko. Atzoko finala ikusteko 30 bat lagun batu ziren han. Gazteak asko, ume batzuk ere bai. Eta tartean, Darío Suffardi. 21 urtean iurretartutako argentinarra. "Atzokoa oso berezia izan zen. Munduko kopako lehenengo partida, Saudi Arabiaren kontrakoa, ez genuen La Bodeguillan ikusi. Eta hara! Galdu egin genuen. Horregatik, hortik aurrerako partida guztiak La Bodeguillan ikustea erabaki genuen. Mexikoren kontrakoa, Herbehereen kontrakoa, Kroaziaren kontrakoa eta Frantziaren aurkako finala. Eta guztiak irabazi ditugu! Beharbada sineskeria modura erabili dugu La Bodeguilla, baina horrela da. Oso eskertuta gaude bertako kideekin", azaldu du Suffardik.

Atzoko partida baino lehen, komunitate argentinarrak kalejira egin zuen Iurretako kale eta tabernetan. "Hor ibili ginen danbor handi bat eta turuta bat lagun, kantuan, giroa berotzen. Zarata handia egin genuen. Uruguaiarrak ere izan ziren gurekin. Anaitasun handia daukagu", zehaztu du Suffardik. Partidan zehar, baina, emozio gorabeheratsuak bizi izan zituztela ere aitortu du: "irribarreak, negarra, urduritasuna. Momentu batzuetan gogorra ere izan zen. Baina ez genuen dudarik egin. Amaierara arte animatu genuen selekzioa", esan du. Bukaerako emaitza, hauxe: Argentinaren garaipena bukaerako penaltietan.

"Pasioa", "zoramena"

Atzokoarekin, Argentinak hirugarrenez irabazi du gizonezkoen Munduko futbol kopa. 1978an eta 1986an irabazi zituen aurrekoak. Suffardik argi dio bere sorterrian "pasio" handiarekin bizi dutela futbola. "Argentinan oso modu berezian sentitzen da futbola. Pasio handiarekin. Hemengo ikuspegitik zaila da ulertzen, baina guretzat zerbait oso berezia da. Sentimendu asko, faktore asko nahasten dira. Azaltzeko zaila da. Argentinak Munduko kopa irabaztea, futbol selekzioaren elastikoan izar bat gehiago txertatze hori... uf! Izugarria da. Zoramena, zerbait oso-oso hunkigarria. Messik ere merezi zuen hau. Bai jokalari lez, eta baita pertsona lez ere", bukatu du. 

Darío Suffardi iurretar argentinarra.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!