Kontzertu horietariko bi Barakaldoko BECen izango dira, barikuan eta zapatuan; gaurko emanaldiko sarrera guztiak salgai ipini eta lasterrera agortu ziren. Baina oraindino badaude batzuk biharko kontzerturako. 2023ko urtarrilaren 6an izango da azken kontzertua, Gasteizen, karpa erraldoi batean; emanaldi honetarako ere geratzen dira sarrerak. Taldearen webgunean erosi daitezke.
Hertzainak taldea 1981ean sortu zen eta 1993an utzi zion jotzeari. Donostiako Anoeta kiroldegian jo zuen azken kontzertua. Taldeak sei lan argitaratu zituen: Hertzainak (1984), Hau dena aldatu nahi nuke (1985), Salda badago (1988), Amets prefabrikatuak (1990), Zuzenean (1991) eta Denboraren orratzak (1992). Horren ostean, musikari lotuta jarraitu dute 'Gari'-k (bakarka), Josu Zabalak (Zazpi eskale eta Gu eta Gutarrak, besteak beste), eta 'Txanpi'-k (Doctor Deseo). 'Gari'-k eta Josuk Bilboko Kafe Antzokian eta Euskaldunan jo zuten 2019an. Emanaldi horien arrakasta ikusita erabaki dute Azkena gure alde antolatzea.
Durangaldeko gonbidatuak
Hiru hitzordu berezi hauetarako, hainbat gonbidatu igoko dira taula gainera Josu Zabala, 'Gari' eta 'Txanpi'-gaz batera, eta horietariko batzuk Durangaldekoak dira, Hertzainakegaz zein bestelako ibilbidean zehar kideek bidelagun izandakoak. Horrela, gaurko emanaldian Erika Lagomak, Xabi Aburruzagak, Maddalen Arzallusek, Xabier Berasaluze ´Leturia´-k, Nerea Elustondok, Onintza Enbeitak, Zea Mayseko 'Piti' Imazek eta Aiora Renteriak, Kantu bat gara taldeak, Ane Labakak, Mikel Markezek eta Joseba Tapiak parte hartuko dute. Eta zapatukoan Igor Elortza eta Unai Iturriaga durangarrek, Eneko Abasolo 'Abarkas' iurretarrak, Rufoh Beatboxek, Eñaut Elorrietak, Olaia Inziartek, Endika Lahainek, Etxahun Lekuek, Maisha MCk Bixente Martinezek, Xabi Payak, Pettik eta Rafa Ruedak.
Azkena, Gasteizen
Agur birako azken kontzertua Gasteizen egingo dute, etxean. "Bertan hasi zen dena eta bertan amaitzea zor diogu", azaldu zuen hirukoteak azaroan egindako prentsaurrekoan. Xabier Amurizak ere parte hartuko du emanaldi horretan.