Ailegatu dira azoka egunak. Zelan zaudete?
Egia esan, gogotsu gaude datorrenari ekiteko. Gabonen bueltan Durangon egiten dugun hirugarren azoka urtea da honako hau. Udalagaz elkarlanean egiten dugu. Elkartetik uste dugu Durangok ere merezi duela bere artisauen eta sortzaileen azoka propioa. Beste leku batzuetan egiten den moduan, Bilbon, Eibarren zein Donostian, Durangok ere merezi du berea.
Zein lan topatuko ditugu Eixuren azokan?
Denerik. Askotariko sorkuntzak egongo dira. Bitxiak, ume zein nagusientzako arropak, poltsak, ehungintza, osagarriak, zurgintzari loturiko lanak, makrame eta larruzko osagarriak, tindaketa eta estanpazio naturalak, ukenduak eta kosmetika. Bestalde, postu solidarioa egongo da, normalean elkarteekin, Gobernuz Kanpoko Erakundeekin antolatzen dugun postua. Aurten Haica Nana elkartekoak egongo dira. Komunitate mexikarrak osaturiko taldea da, hango artisautza lantzen duena. Mexikoko talde etnikoen lanak mundura zabaldu eta bizitzeko aukera bat sortu gura dute. Horrez gainera, umeen txokoa ere egongo da. Azokatik aparte beste zeozer ere eskaini gura diogu azokara datorrenari. Azkenik, 50 euroko bonuak zozkatuko ditugu erosketaren bat egiten dutenen artean. Barikuan eta zapatuan zozkatuko ditugu, gero domekan erabili daitezen.
Elkartea 2016an sortu zenuten. Zelako bilakaera izan du Eixuk?
Elkartea 2016an sortu genuen, bai. Bederatzi bazkide ginen orduan. Orain bost gara. Modu autogestionatuan lan egiten dugu eta horrek inplikazioa eta esfortzua eskatzen ditu. Azokek aurrera egin dezaten orduak sartu behar izaten ditugu. Bost kideetatik lau elorriarrak gara. Bosgarrena abadiñarra da. Azoka gutxi batzuk egitetik, urtean 15 bat azoka egitera pasatu gara. Durangaldetik aparte, Markina-Xemeinen, Deban eta Mutrikun ere egoten gara.
Behar den besteko balioa ematen diogu artisauaren lanari?
Denerik ikusten da. Bezero batzuek, bai, asko baloratzen dute artisautza. Beste batzuekin, ostera, lan pedagogikoa egin behar izaten dugu. Jendeak ikusi behar du hauek ez direla makina batek jarraian egindako lanak, banaka-banaka egindakoak dira.
Zein mezu helaraziko zenioke artisautzan hasi gura duenari?
Gogotsu badago, animatzeko. Probatzea da kontua. Ni beti ibili naiz azoka munduan. Ez da erraza, bere zailtasunak ditu. Muntaketa lanak direla, eguraldia dela... Polita da, baina baditu zailtasunak. Jendeak jai izaten duenean guk lan egiten dugu. Artisauren bat mundu honetan sartzeko prest badago, Eixuko kideak prest gaude laguntzeko.
Zure artisau lanei dagokienez, zer lantzen duzu?
Ingeniaritza ikasketak eginda ditut, baina eskulanak beti gustatu izan zaizkit. Lehen, makrame eta feltrozko osagarriak lantzen nituen. Gero, bitxigintza ikastaroak egin nituen, eta horretan nabil gaur egun. Badira hamar urte zilarrezko bitxiak egiten hasi nintzenetik. Belarritakoak, lepokoak, eraztunak... egiten ditut. Belarritakoak saltzen dira gehien.
Egin deialdia: zergaitik joan behar dugu asteburu honetan Eixuren azokara?
Aukera ezin hobea delako kalitatezko produktuak, bereziak, erosi eta oparitzeko. Azokara doanak artisauagaz aurrez aurre berba egiteko aukera izango du, zalantzak argitzeko aukera. Beti da erakargarriagoa.