Zelakoa izan da dokumentala egiteko prozesua?
Goiuria Ikastolaren ikerketa egiten hasi ginen orain urte bi. Ikastolaren inguruko historia jasotzea zen helburu nagusia. Nahiko argi genuen liburua kaleratuko genuela. Baina elkarrizketa guztiak grabatzea erabaki genuen, etorkizunean sortu zitezkeen ideietarako. Ikusten nuen liburuaren aurkezpenerako bideo laburren bat egin zitekeela, aurkezpen ekitaldiko lagungarri modura. Prozesu horretan genbiltzala, iaz gidoigintzari buruzko ikastaro bat egin nuen Madrilen. Ikusi nuen esperimentu ona izan zitekeela praktikak egiteko. Konturatzen hasi nintzen gai informatiboaz gainera beste historia bat egon zitekeela, barne historia bat. Pertsonaiak ere egon zitezkeela konturatu nintzen, eta Kristina Mardaras eta Justo Alberdi antzezten ipini nituen. Ikastolaren historiaz aparte beste gai batzuk ere lantzen dira: nostalgia, maitasuna...
Liburua kaleratu zenuten, baina ikus-entzunezkoa beste mundu bat da. Libururako elkarrizketak grabatzea gauza bat da eta dokumental bat sortzea beste bat.
Dokumentala ikastolaren sorrerako urteetan zentratzen da batez ere. Hor egon zen arazorik gehien. Inspektore frankistak birritan zarratu zuen ikastola. Horren harira, gurasoek eta ikastolaren bultzatzaileak hainbat lan egin behar izan zuten. Umeak etxeetan egokituriko ikastola klandestinoetan egon ziren eskolak hartzen. Horixe da dokumentaleko istorio zentrala.
Kristina Mardaras eta Justo Alberdi klabeak izan dira lan honetan.
Hasieratik gogotsu egon dira ikastolaren inguruko historia biltzeko. Horretarako pasio eta interes berezi bat izan dute. Horregaitik, dokumentalean euren sentimenduak eta atzera begirako historia kontatzen dira.
Alberdik eta Mardarasek hasieratik argi izan dute ikastolaren historiaren inguruko transmisioa garrantzitsua dela.
Dokumentalaren helburua transmisioa da. Gaur egun ematen du gauzak berez sortu direla, euskaraz ikastea gobernutik irtendako zeozer dela. Baina, frankismoaren amaieran ikastolen aldeko mugimendu bat sortu izan ez balitz, agian orain beste egoera batean egongo ginen. Hortxe ipini ziren oinarriak euskarazko hezkuntza sortzeko.
Informazio bilketa handia egin duzue bai liburuaren eta baita dokumentalaren oinarriak finkatzeko.
Informazioa batzerakoan, 60 bat lagun elkarrizketatu ditugu. Dokumentalean erdiak inguru agertzen dira. Eurekin egon garenetan, argazkiak eta dokumentuak eskatzen ahalegindu gara beti, eta sorpresa batzuk hartu ditugu. Esate baterako, ikastolako lehenengo andereñoa izan zenak, Ana Berriozabalgoitiak, ikastola lehenengoz zarratu zurteneko agindua ekarri zigun, papera bera.
Ikastolaren artxiboa desagertu egin zen.
Ikastola 1981ean zarratu zen, baina kooperatiba ez zen desegin. Eraikina herriko ekintzetarako erabili zen. Artxiboa han egon zen. Baina sute bat eta uriolak egon ziren, eta horien ondorioz artxiborik gehiena galdu egin zen. Horregaitik, ez genekien zehatz-mehatz zein guraso eta zein ikasle egon ziren bertan. Esango nuke ikerketa honegaz historia hori berregin dugula.
Goiuria ikastola mugimendu handiago baten parte izan zen.
Ikastolen sorrerako mugimendua Gipuzkoatik etorri zen batez ere. Euskaltzaleak mugitzen hasi ziren, eliza inguruko sektore euskaltzaleak. Pakita Arregi andereñoa eta beste batzuk. Durangaldean Kurutziaga ikastola izan zen sortu zen lehenengoa, 1967an. 1968an Iurretan, Matienan eta Zaldibarren sortu ziren. Hartu-emana zegoen euren artean, eta Gerediaga elkartean saretzen ziren, Kirikiño izeneko batzordean. Lagin honek erakusten du inguruko euskaltzale eta guraso askok zer egin zuten eta zelako zailtasunak izan zituzten. Izan ere, ikastolak leku askotan zarratu zituzten.
Noiz egongo zarete Irudienean?
Abenduan 11n proiektatuko dugu dokumentala, 17:30ean. Ez da aurretik sarrerarik hartu behar. Iurretan abenduaren 20an eta 22an emango dugu, 19:00etan. Iurretako saioetarako izena eman behar da.