DEK sortu dute, Durangaldeko enpresen ekonomia sustatzeko erakunde berria

Anboto 2022ko abe. 5a, 10:28

Eskualdeko enpresek, instituzioek eta berrikuntza zentroek indarrak batu dituzte enpresa-sarea "dinamizatzeko".

Mankomunitateak, Zornotzako Udalak, Azterlanek, Durangaldeko Enpresen Elkarteak eta Durangoko Maristak ikastetxeak sortu dute erakunde berria, Zornotzako Lanbide Heziketa Institutuarekin eta Iurretakoarekin batera. DEK - Durangaldea Enpresa Ekimena erakundeak "eraldaketa lehiakorra" eta industria sarearen berrikuntza sustatu gura ditu, "talentua eta kualifikazioa maximizatuta eta kalitatezko enplegua" sortuta. Lanerako lau ildo nagusi, hamabi proiektu eta 23 ekintza-ildo finkatu dituzte horretarako. Enpresa-egituren dinamizazioa eta ekintzailetza teknologikoa daude horien artean. Erakundearekin bat egingo dutela aurreratu dute honako enpresa hauek, besteak beste: Gestamp, Ona, Lantegi Batuak, Cafés Baqué, Orbea, We Are Clickers, Ozasan, Addilan eta Betsaide.

Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidentearen berbetan, DEK sortzea "oso pauso garrantzitsua da Durangaldearen garapen ekonomikorako". Bere berbetan, eragile guztien "helburu komuna industria sare indartsu eta lehiakorra izatea, garapen ekonomiko jasangarrirantz aurrera egitea, talentua atxikitzea eta fidelizatzea, eta kalitatezko enplegu gehiago sortzea da". Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevaloren iritziz, DEK proiektua "oso erakusgarri ona da" eraldaketa digitalak planteatzen dituen aldaketa azkarren aurrean. Bestalde, Ainara Basurkok, Ekonomia sustatzeko foru diputatuak "ongietorria" eman dio DEK erakundeari, eskualdean "lehiakortasuna irabazteko bidean gidatzeko" balioko duelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!