[BIDEOA]: ELA sindikatuak dioenez, grebaren jarraipena "ia erabatekoa" izaten dabil Durangaldeko metalgintzan

Ekaitz Herrera 2022ko abe. 1a, 12:55

Duela aste batzuk CCOO, LAB, UGT, CNT eta CGT sindikatuek egin bezala, gaur, ELA sindikatuak manifestazioa egin du Iurretatik Durangora. FVEM patronalak eta sindikatuek akordiorik lortu barik jarraitzen dute.

Bizkaiko metalgintzako beharginek eta patronalak akordoirik lortu barik jarraitzen dute. Duela aste batzuk CCOO, LAB, UGT, CNT eta CGT sindikatuek egin bezala, gaur, ELA sindikatuak manifestazioa egin du Iurretatik Durangora. Mobilizazioak 11:30ak pasatxotan irten du Maspeko aparkalekutik. Manifestarien artean egon da Mikel Etxebarria, ELA sindikatuaren Bizkaiko metalgintzako ordezkaria. Oraingoz akordiorik lortu ez dutela eta, honako hau adierazi du: "Patronalaren helburua beharginak pobretzea eta lan-baldintzak ez hobetzea da. Joan zen astean izan genuen azkenengo bilera. Patronalak proposamen itxi bat aurkeztu zigun barikuan, baina guk eta gainerako sindikatuek nahikoa ez zela iritzi genion. Askoz gehiago merezi dugu bai soldatetan eta bai gainerako baldintzetan. Egun hauetan guztietan argi geratu da FVEMi erantzun sendo bat ematen ari gatzaizkiola", azaldu du.

Sindikatuak astelehenetik dabiltza mobilizazioetan. Urtea hasi zenetik hirugarren greba sorta da honakoa. Bost egunetakoa oraingo hau. Baina ez daude batera. Talde bitan banatuta daude. Alde batetik CCOO, LAB, UGT, CNT eta CGT daude. Mobilizazioak eta lanuzteak elkarrekin deitu dituzte. Bestetik, ELA dago. Baina edozelan ere, sindikatu guztiak dabiltza helburu beraren atzetik, eta lanuzteak egun berdinetan egiten. Etxebarriak azaldu duenez, gaur  Berrizen, Zaldibarren, Abadiñon eta Elorrion egon dira "pikete lanetan". Durangaldeko enpresetan "ia erabatekoa" izan da lanuztea. "Paregabea", bere berbetan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!