[BIDEOA] Metalgintzako beharginen manifestazioak jendetza batu du

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 27a, 14:47

Sindikatuen berbetan, greba egun "arrakastatsua" izan da gaurkoa. CCOO sindikatuak dio grebak %85eko jarraipena izan duela Bizkaian, eta "ia erabatekoa Durangaldean". LABek Durangaldeko enpresa handietan egondako "ia erabateko" lanuztea azpimarratu du. Gestamp, CIE taldeko enpresetan, Mecanifranen eta Tuercasen, adibidez.

Metalgintzako beharginek manifestazioa egin dute eguerdi honetan, Iurretatik Durangora. Mobilizazioak erantzun zabala izan du eta jendetza batek zeharkatu ditu udalerri biotako kaleak. Bidean, oihu nagusi bat: Bizkaiko metala borrokan. Izan ere, Bizkaiko metalgintzako langileek laugarren greba eguna dute gaurkoa, urtea hasi zenetik. Herrialde osorako ituna berritzea gura dute eta negoziazioak "blokatzen" ibiltzea leporatu diote Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioari (FVEM). Sindikatuek azaldu dute alde biek "hamabost" negozioazio batzar izan dituztela, baina oraingoz ez dutela adostasunik lortu. "Hamabost negoziaketa batzar egin eta gero, hau da FVEMek sektoreko langileoi eskaintzen digutena: erosteko ahalmena bermatzen ez duten soldata igoerak. Bitartean, sektoreko enpresen %80a baino gehiago irabaziak handitzen edo mantentzen ari dira", esan dute manifestazioaren bukareran. Horrez gainera, patronalari leporatu diote behargin "pobreagoak, prekarioagoak eta sumisoagoak" gura izatea. 

Sindikatuen berbetan, greba egun "arrakastatsua" izan da gaurkoa. CCOO sindikatuak dio lanuzteak %85eko jarraipena izan duela Bizkaian, eta "ia erabatekoa Durangaldean". LAB sindikatuko Oihane Torresek azaldu zuenez, enpresa handietan grebak jarraipen handia izan du. Sindikatuaren datuen arabera, Gestamp Bizkaian %95eko etena izan dute. CIE taldekoetan ere bai, Inyectametal, Udalbide eta Egaña enpresetan; baita Mecanifranen eta Tuercasen ere.

Sindikatu deitzaileek "argi" utzi dute "hitzarmen duin bat lortu arte" mobilizazioekin jarraituko dutela. Bihar bigarren greba eguna izango dute. Barakaldon egingo dituzte mobilizazioak. Horrez gainera, azaroaren 2an, beste mobilizazio bat iragarri dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!