Eiser-Hirumet taldeak harrobiko lau txirrindulari igo ditu denboraldi berriari begira

Anboto 2022ko aza. 30a, 11:19

Eiser-Hirumet taldeko ziklistak joan zen asteko kontzentrazioan.

Guztira 14 txirrindularik osatzen dute aurtengo taldea.

Eiser -Hirumet taldeak Durangon egindako kontzentrazio batekin hasi du denboraldi berria. Aurtengo taldea hamalau txirrindularik osatuko dute. Euretako lau harrobitik igo dituzte: Mikel Arrasate Duranguesako Cafés La Tostadora Flotamet taldetik, eta Aimar Gorriñobeaskoa, Gorka Amuriza eta Galder Leiza Punta Galeako Loiumat taldetik. "Taldeko txirrindularien %60 klub bietako harrobitik datoz eta horrek azken urteetan harrobian egin den lana indartu egiten du", adierazi dute klubeko kideek ohar batean.

Harrobikoez gainera, beste txirrindulari berri bi daude taldean: Eolo Kometa taldetik datorren Lucas Guillermo eta Laboral Kutxa taldetik datorren Jon Arakama. Gainerako zortzi ziklistek iaztik jarraitzen dute: Oier Muñiz, Eneko Apodaka, Iñaki Trujillo, Lander Hernandez, Eder Moreno, Adam Bent, Alex Ashman eta Ben Houlihan. Denek Orbeako Orca M20i markako bizikletak erabiliko dituzte.

Babesleei dagokionez, iazkoei eusten diete: Eiser, Hirumet, Getxoko Udala, Grupo Dromedario, Construcciones Lasuen, Ekidom, Egoin, Suministros Mugarra, Bio Racer eta Durango Turismoa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!