"Droneak gidatzea, zaletasuna baino gehiago, pasioa da niretzat"

Anboto 2022ko aza. 27a, 10:30

Aleix Garrido orain dela urte bi hasi zen droneen munduan murgiltzen, Youtuben bideoak ikusita harra sartu ondoren. Orain, elkarte bat sortzea du etorkizuneko erronka. 

Zenbat denbora eskaintzen diezu droneei?
Egunean bizpahiru ordu entrenatzen ahalegintzen naiz. Betidanik gustatu zait argazkigintza, ikus-entzunezko edukien sorkuntza, eta drone batean kalitatezko argazki kamera ipini zitekeela jakiteak mundu bat zabaldu zidan. Droneak gidatzea, zaletasuna baino gehiago, pasioa da niretzat. 

Non aireratzen dituzue?
Normalean, mendira joaten gara, hegaz egin ezin daitekeen eremuetatik urrunduta.

Zelan dago araututa droneen erabilera?
Webgune bat erabiltzen dugu aire espazio mugatuak zeintzuk diren jakiteko. Aireportuak dauden eremuak eta barruti babestuak (parke naturalak, babesturiko espezieak dauden tokiak...) errespetatu egin behar dira. Azken finean, beste inoren hegaldi operaziorik ez eragoztea, horixe hartu behar da kontuan. Dena dela, baimenak eskatu daitezke eta ia edozein tokitan hegan egin daiteke, Ertzaintzagaz koordintauta. Adibidez, ikus-entzunezko lan baterako irudiak hartzeko.

Zuk ikus-entzunezko lanak sortzeko erabiltzen dituzu droneak?
Bai. Mendian, hondartzan... irudiak grabatzeko, bideoak neuretzat egiteko edo edukiak sortu eta sareetan zabaltzeko. 

Drone lasterketak ere egiten dituzu. 
Bai. Oztopo lasterketak lakoak egiten ditugu, eta oso drone arinak eta indar handia dutenak erabiltzen ditugu. Ibilbide estuak dira eta ordu asko eskaini behar zaizkio trebetasuna hartzeko. Guk FPV (First Person View) estiloko droneak erabiltzen ditugu, errealitate birtualean ikusteko betaurrekoekin. Wifi transmisore bat duen bideo bategaz komunikatzen den antena baten bitartez, bertatik bertara ikusten dugu dena. Dronean bertan joatea lakoa da sentsazioa, izugarria. Oso erreala. 

Zenbat drone dituzu?
Sei. Horietariko bi lasterketetarako, beti prest daudenak. Besteak, filmazioak egiteko ekipoagaz erabiltzeko dira. Drone mota asko dago. Barrualdeetan erabiltzeko droneak ere badaude. Horiek helizeak babestuta dituzte eta lasaiago hegan egiten dute. Grabazioak egiteko, bereziki prestaturiko drone estabilizatuak ere badaude, edo fumigatzeko erabiltzen direnak, militarrak... Erabilera asko dituzte. Berrikuntzek beldurra edo mesfidantza sortzen duten arren, onura askotarako erabiltzen dira droneak, ez bakarrik erabilera militarra emateko.

Inoiz galdu duzu dronerik?
Bai. Mendian, adibidez, larregi urrutzeagaitik. Itsasora, errekara… ere jausi zaizkit batzuk. 

Zelako zaletasuna dago Durangaldean?
Ez dago zaletasun handirik, mundu ezezaguna delako neurri handi batean. Dani Doncel eta ni neu lanean gabiltza elkarte bat sortzeko. Droneak ezagutaraztea eta zaletasuna bultzatzea da gure helburua. Droneekin hegan egiteko aukerak sortu eta lantzea gura dugu. Umeentzat zaletasun polita dela iruditzen zait, asko ikasteko aukera ematen du. 

Droneak aireratzeko leku polit bat?
Egunsenti eta ilunabar guztiak dira politak grabatzeko, kostan zein mendian. Euskal Herrian leku zoragarri asko dugu horretarako.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!