Azaroak 25

Kalera irtengo dute, indarkeria matxistari aurre egiteko

Ekaitz Herrera 2022ko aza. 25a, 08:40

Gaur, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Durangaldeko herritarrek kalera irtengo dute indarkeria matxistari aurre egin eta feminismoa oinarri duten neurriak eskatzeko. Udalerri bakoitzeko talde feministek zein instituzioek mobilizazioak, adierazpen instituzionalak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte. Honako hauek dira herri bakoitzeko deialdi eta mobilizazioak, gaurko.

Abadiñon, Izpilikuak Talde Feministak deituta, manifestazioa egingo dute, 18:00etan, Txanporta plazatik hasita. Berrizen elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan. Udal plazan izango da. Manifestazioa ere egingo dute, 19:00etan, Olakuetatik hasita. Durangon adierazpen instituzionala irakurri eta lore eskaintza egingo dute, Ambrosio Meabe plazan. Ekitaldia 13:00etan izango da. DAFAk, bestalde, manifestaziora deitu du arratsalderako. Mobilizazioak 19:00etan irtengo du, Santa Anatik. Elorriarrak 18:00etan batuko dira, herriko plazan. Iurretan adierazpena irakurriko dute lehenengo (18:30), eta horren ondoren manifestazioa egingo dute. Askondotik hasiko dira. Mallabitarrek elkarretaratzea egingo dute , 12:00etan, frontoiko aldapan. Eta mañariarrek 19:00etan, herriko plazan. Zaldibartarrek protestara irtengo dute, 18:00etan. Dominika Talde Feministak manifestazioa hasiko du ordu horretan udal plazatik. Bestalde, Zornotzan elkarretaratzea egingo dute, udal plazan (12:00), eta manifestazioa Urgozotik hasita (19:00etan). Itaia antolakundeak mobilizazio bi egingo ditu: Durangoko Andra Marian 19:30ean eta Elorrioko plazan 19:00ean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!