Demografiaren bilakaera

Zahartzen ari gara

Anboto 2022ko aza. 29a, 09:36

EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak sinatutako lankidetza akordioaren emaitza da Saretzen. Eta elkarlan honen lehen emaitza erreportaje hau da. Hego Euskal Herriko demografia jorratzen duen albistea. Bestalde, aurrerantzean ere beste hainbat eduki eta tematika ere elkarlanean lantzea da asmoa.

 

Hego Euskal Herrian azken 20 urteotan biztanleria handitu egin da, hau da, 2021ean 2001ean baino jende gehiago bizi da, %8,3 gehiago. Durangaldean ere hazkunde garrantzitsua egon da, %12,24koa. 2001ean eskualdean 71.711 biztanle zeuden eta 2021ean 80.493 daude. Hazkunderik handiena eskualdean 2007 eta 2008 urteetan egon zen, populazioaren %1,64 eta %1,33 gorakadarekin hurrenez hurren. Eta 2014 eta 2021 urteetan, berriz, deshazkundea egon zen. Urte bietan %0,28ko beherakada. 

 

Hego Euskal Herriko lurraldeei begiratuta, lurrande guztietan ez da joera berdina izan. 2001-2021 aldian Nafarroa izan da gehien hazi den lurraldea, %19ko hazkundearekin; aldiz, Bizkaia, biztanleria gehien duen lurraldea izanda ere, 20 urteetan oso hazkunde txikia izan da, %2 eskasekoa. 

Hego Euskal Herriko gizartearen erradiografia bat eginez gero, ikus daiteke azken urteotan gizartea nabarmen zahartu dela, eta 60 urtetik gorako pertsona gehiago dagoela gurean. 2001ean talde horretako gizon-emakumeek gizartean %24,06 osatzen zuten bitartean, 2021ean %30,23 izatera pasa da. Eskualdeko datuei begiratuta, 2001ean biztanleen %22,36 60 urtetik gorakoa zen, eta 2021ean %28,83koa izatera igaro da. Gazteen taldeak, 20 urtetik azpikoak, berriz, gutxika egin du gora; 2001ean 20 urtetik beherakoak 12.424 ziren eta orain 15.218 dira. 

Jaiotza-heriotza balantzeari dagokionez, Durangaldean balantzea positiboa izan da 2017ra arte. Ordutik aurrera, berriz, balantzea negatiboa izatera pasa da.

 

Balantze negatibo hori irauli duena, baina pertsonen mugimendua izan da. Biztanleriaren mugimenduaz ari garenean zenbait fenomeno kontuan izan behar dira: barne-migrazioa (autonomia-erkidego bereko udalerri batetik bestera zein autonomia-erkidego batetik bestera:  EAE-Nafarroa), estatu barruko migrazioa (Espainiako Estatuaren barruko beste herri batetik) eta kanpo-migrazioa (Espainiako Estatutik kanpoko herrialde batetik etorritakoak). 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!