Me Too mugimendua zer den azaltzea komeniko litzateke, literaturan izan duen eragina aztertzeko.
Me Too mugimenduaren haria noiztik eta nondik datorren landu gura dugu berbaldian, gaur egungo panoramara hau guztia bortxaketaren kulturaren barruan. Bortxaketaren kultura aurreko olatu feministan azaleratzen eta salatzen hasi zen. Me Too-k zelanbait nabarmendu zuen indarkeriarik inportanteena sexuala dela. Ikusarazi izan du mundu osoko fenomenoa dela, gizarte maila guztietan gertatzen dela eta oso goiz eta gordin hasten dela, umeekin hain zuzen ere. Hortik abiatuta, euskal literatura ere landuko dugu.
Bide luze baten errepasoa planteatzen duzu. Hari hori zelan islatu da literaturan?
Ahozko literaturatik hasiko gara. Ipuinen bitartez kontaturiko istorioak aztertuko ditugu. Txanogorritxurena, Romaneces de Bernardinarena eta horrelakoak. Bortxaketaren kultura ahozko literatutan hasi zen eta hortik idatzizkora pasatu da. Batez ere autobiografietara. Arlo horretan, emakume afroamerikarrek izan dute garrantzia batez ere, esklabotza sisteman emakumeen kontrako bortxaketa sistematikoa salatuz.
Me Too mugimenduagaz aurpegi ezagunek bat egin dute euren testigantzak kontatuta. Mugimendu horrek zein eragin izan du literaturan?
Me Too-k autobiografia modu berezi bat sortu du, bortxaketaren kultura kontatzen da batez ere. Kontatzen da kultura hori haurtzaroan hasten dela eta garrantzi handiko mugimendua dela. Emakume afroamerikar batek asmatu zuen terminoa, Tarana Burke izenekoa. Zorionez, hirugarren olatu feministatik laugarren olatu feministara doan tarte horretan bortxaketaren kulturak oihartzun handia izan du gure gizartean. Mugimendu feministak sentsibilitate handiko guneak sortu ditu. Berbaldian Haur Besoetakoa liburuagaz hasi ginen eta Manada auzia ere aztertu genuen.
Alde horretaik, 'sinesten dizut' esaldia ere erabili da. Biktima berbiktimizatzen duen kulturaren kontra egiteko modu bat izan da?
Bortxaketaren kultura zer den definitzerakoan, oinarrizko ezaugarria da biktimak kulpabilizatu egiten direla. Biktimak errudun legez agertzen dira. Kostatu egin da hau lantzea eta horren kontrako tresnak plazaratzea.
Manada auzia mugarri bat izan zen gai honetan. Zergaitik?
Zergaitik izan zuen kasu honek eragina gizartean eztanda bat sortzeko, eta ez beste batek? Badaude oso aztertuta dauden ezaugarri batzuk. Batez ere bisibilizatu gura duguna da mugimendu feministaren etenbako lana bortxaketaren kulturaren kontra. Ekaitz perfektua gertatu zen: jendearen nekea, mugimendu feministaren etenbako salaketa, aurreko kasuen inguruko haserrea, mundu osoan martxan zegoen Me Too-ren eragina... hainbat ezaugarri metatu zen eztanda sortzeko.
Gai hau landu gura duenarentzat bibliografia prestatu duzue.
Bai, Iurretako bibliotekan bibliografia bat utzi dugu gai hau landu gura dutenentzat.
Euskal literatura ere landuko duzuela esan duzu eta Haur besoetakoa liburua aipatu duzu.
Bai, eta euskal literaturaren kasuan, Haur besoetakoa Lolita baino grabeagoa dela esango nuke. Vladimir Nabocovek sorturiko Lolita-k 12-13 urte zeuzkan. Haur besoetakoan 11 baino ez. Bereiztu behar dira kontu literarioak eta kontu feministak eta gizarte arloa. Liburu moduan oso ona da, baina zein irakurketa izan behar du? Programatzeari utzi behar diogu? Ez. Izan ere, sortu den eztabaida da ea material hori zentsuratu egin behar den, eta zirkulaziotik kendu. Ni ez naiz sekula horren alde egon. Oso liburu aprobetxagarria da abusu sexuala zer den ulertzeko. Liburuan oso ondo ikusten da prozesu osoa: zer den tratu txarren harremana, zer den indarkeria sexuala, indarkeria psikologikoa... Oso ondo azaltzen du botere sexualaren prozesu osoa. Liburu hau urteetan publikatu barik egon zen, oso testu delikatua delako. Berrargitaratu zenean, Gabriel Arestik esan zuen amodiozko istorio bat zela. Horrela programatzen zen. Baina ez da amodioari buruzkoa, inondik inora. Istorio pedofilo ikaragarria da. Terriblea da hor kontatzen dena