Itaiak mobilizazioak antolatu ditu emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunerako

Ekaitz Herrera 2022ko aza. 17a, 16:45

Itaiak joan zen Martxoaren 8an Durangon egindako mobilizazioa.

Mobilizazio bi egingo dituzte azaroaren 25ean. Durangoko Andra Marin 19:30ean eta Elorrioko plazan 19:00ean.

Itaia antolakundearen arabera, indarkeria matxistaren aurrean instituzioetatik eskaintzen diren zerbitzuak "murritzak" dira eta "ez diote dauden beharrizanei erantzuten". Adibide modura ipini dituzte Durangon eta Zornotzan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eskaintzen zaizkien harrera etxeak. Antolakundearen esanetan, 5 leku daude Durangon eta 4 Zornotzan. Itaiaren iritziz, erasoa jasan duten emakumeei eskaintzen zaien zerbitzuak "izaera asistentziala" dauka, eta ez du biktimen "independentzia ekonomikoa, politikoa zein soziala" garatzeko bitarteko errealik ipintzen. Itaiak "indarkeria borrokatzeko, babesa antolatzeko eta erasotzaileei aurre egiteko" antolatzera deitu du, funtsean, "indarkeria oinarritu eta erreproduzitzen duen gizarte kapitalista gainditzeko", antolakuntza sozialistaren bitartez. 

Hori guztia dela eta, Durangaldeko Itaiak mobilizazio bi egingo ditu azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako egunean. Durangoko Andra Marin mobilizatuko dira 19:30ean eta Elorrioko plazan 19:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!