Iñigo Gabiria, Gorka Tornos eta Gorka Uribe, inoiz baino gorago hegaldatu diren parapentelariak

Joseba Derteano 2022ko aza. 12a, 10:20

Larrano parapente taldean dabiltzan Gorka Tornosek, Iñigo Gabiriak eta Gorka Uribek denboraldi bikaina osatu dute eta Elorrioko parapente taldea inoiz baino biziago dagoela erakutsi dute. 

Gorka Tornosek Iparraldeko Liga irabazi du aurten, iaz hatz puntekin ukitu eta bigarren geratu ostean. Beraz, beste garaikur bat gehitu dio palmaresari. Orain urte batzuk Euskal Herriko txapelketa irabazitakoa da. "Txapelketa irabaztea ez zen bila nenbilen zerbait. Niri parapentean ibiltzea gustatzen zait eta txapelketetan asko ikasten da", dio Zaldibarren bizi den plaentziarrak.   

Iñigo Gabiria elorriarrak Euskal Herriko Hike and Fly liga irabazi du aurten. Txapelketa hori aurten antolatu da lehenengoz. Orain arte, egun bateko txapelketa baino ez zegoen. Modalitate berezia da, hegaz ez ezik une batzuetan korrika ere ibiltzen direlako. Beraz, fisikoki sasoi betean egotea eskatzen duen proba da. Bere taldekideekin alderatuta, parapente arinagoa erabiltzen du, korrika dabilenean pisu gutxiago mugitzeko.

Gorka Uribek Bizkaiko parapente txapelketa irabazi du aurten. Orozkon lehiatu zen proba, apirilean. Horrela, bere ibilbideko lehenengo txapela eskuratu zuen berriztarrak. Erregulartasuna izan zen bere armarik onena. "Hiru ekitaldietako bat ere ez nuen irabazi, baina erregularra izan nintzen eta horrek ekarri zidan txapela", gogoratu du. 

Kolofoi modura, Larrano parapente taldeak taldekako sailkapena ere irabazi zuen Bizkaiko txapelketan, Uriberen, Tornosen eta Gabiriaren lanari eskerrak. Horrela, Orozkoko probak podium berean batu zituen Larrano parapente taldearen izena lau haizetara zabaldu duten hiru txapeldunak. 

Haize korronteen ehiztariak
Parapentelari batek behar dituen dohainen artean, ez da txikiena ingurua behatu eta interpretatzeko gaitasuna. Izan ere, parapenteak ez du motorrik eta igo gura badute gorantz doazen haize korronte termikoak bilatu behar dituzte. Pista on bat hegaztiek eman dezakete; elaiek, esaterako. "Intsektuak termika deitzen den aire korronte batean sartzen badira, gorantz doaz. Eta zer jaten dute hegaztiek? Intsektuak. Beraz, haiek bueltaka dabiltzan inguruan termikak egon daitezke. Azken batean, gu txoriekin ibiltzen gara hegan", dio Tornosek. Lainoen forma jakin batzuek ere termiken bidea adierazi dezakete. 

Larrano taldean parapentean ibiltzeko aukera eskaintzen dute, bakarka zein lagun birentzako parapente batean.  Interesdunek larranoparapente@gmail.com helbidean galdetu dezakete. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!