Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten 10 emakume langabe kontratatuko dituzte adinekoak zaintzeko

Anboto 2022ko aza. 4a, 13:05

Mankomunitateak kontratatuko ditu, Lanbideren 153.750 euroko diru-laguntzagaz. Kontrataturiko emakumeek laguntza behar duten adinduei eta mendekoei eskainiko diete arreta, zahartze aktiboa sustatuta eta bizi baldintzak hobetzen lagunduta. 

Mankomunitateak egoera zaurgarrian dauden kolektiboak laguntzeko proiektu berri bat abiatuko du azaro amaieran. Hain zuzen ere, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) jasotzen duten eskualdeko 10 emakume langabe eta koordinatzaile bat kontratatuko ditu, modu horretan, mendekotasuna duten adinekoak laguntzeko. Proiektuari eskerrak, bi laguntza-zerbitzua behar duten pertsonak lagunduko dituzte, zahartz aktiboa sustatuta, gizarte-premiari erantzunda eta bizi-baldintzak hobetuta. Hori aurrera ateratzeko, Behargintzak 153.750 euroko diru-laguntza jasoko du Lanbidetik. Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidentearen berbetan, proiektuak Mankomunitateak "ezarritako helburiei erantzuten die, Durangaldeko pertsonen behar nagusiei erantzuteko, kalitatezko zerbitzu publikoak modu partekatuan, solidarioan, eraginkorrean eta iraunkorrean eskainiz". Horrez gainera, proiektuak "emakumeen enplegagarritasun-beharrari" erantzuten diola gaineratu du. 

Programa horretan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Eskaerak Lanbideren webgunearen bidez izapidetu beharko dira: Etxez etxeko Laguntzailea (Kodea: 162022013195) eta Enplegu-planaren koordinatzailea (Kodea: 162022013274).

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!