Bizkaiko autopista sareak %13ra arteko deskontuak eskainiko dizkie kamioilariei

Anboto 2022ko urr. 6a, 13:50

Neurria 2023an sartuko da indarrean eta bere eragin eremua Bizkaiko ordainleku guztietara zabalduko da, AP-8ra barne. Imanol Pradales foru diputatuak "krisi energetikoaren" eta "hornidura kateetako tentsioen" testuinguruan kokatu du neurri berria.

Bizkaiko Foru Aldundiak neurri-sorta berria iragarri du garraioaren sektorea laguntzeko. 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, Aldundiak %10eko murrizketa aplikatuko die AP-8an eta Hegoaldeko Saihesbidean (Supersur) zirkulatzen duten kamioi astunei. Horrez gainera, %13ko deskontuak aplikatuko dizkie gutxieneko joan-etorri kopuru bat egiten dutenei. Imanol Pradales Bide Azpiegituretarako Foru diputatuak azaldu du neurria "ziurgabetasun globalaren, krisi energetikoaren, Ukrainako inbasioaren eta Munduko nornidura-kateetako tentsioen" testuinguruan kokatzen dela. Faktore horien ondorioz "[garraioaren] sektoreak jasaten dituen kostu-igoerak arintzeko pentsatutako neurria" dela adierazi du. Deskontuetara bideratutako diru poltsa 5,6 milioi eurokoa dela jakinarazi du Foru Aldundiak. Era berean, garraioaren sektoreak "deskarbonizazio politiketara eta trantsizio energetikora egokitu" behar duela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!