Sarek autobusak antolatu ditu Durangaldetik urriaren 8an Donostian izango den mobilizaziora

Anboto 2022ko ira. 19a, 09:32
Ekimena aurkezteko eskainitako prentsaurrekoko irudia. (Argazkia: @sare_herritarra)

Autobusak Abadiñotik Durangotik eta Elorriotik irtengo dira.

Euskal preso, iheslari eta deportatu guztien giza eskubideen alde lan egiten duen herritarren sareak urriaren 8an Donostian izango den mobilizariora batzeko deialdia egin du. Izan ere, Sarek egun osoko egitaraua prestatu du Izan Bidea dinamikaren baitan ezarritako  3.127.326 kilometroko erronkari amaiera emateko.

Joan-etorriak errazteko autobusak antolatu dituzte herri askotatik. Durangaldeari dagokionez Abadiñotik, Durangotik eta Elorriotik abiatuko dira

Hiru kasuetan irteera 10:30ean da. Bueltarako bi aukera daude: 20:00etan ala goizaldeko 03:00etan, Illunbetik.

Izen-ematerako bideak hauek dira: Abadiñon 610 36 93 86 telefonora deituta, Durangon Intxaurre Herriko tabernan eta Elorrion Portalekua Herriko tabernan. Izena emateko azken eguna urriaren1a da (15 euro).

Manifestazioa eta musika jaialdia

Izan Bidea dinamikako erronka 11:00 inguruan helduko da Bulebarrera. Ondoren, 12:00etan, manifestazioa hasiko da Pio XII plazan.

15:30etik aurrera jaialdi bat antolatu dute Illunben Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Doctor Deseo, Eñaut Elorrieta, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Sua, Andoni Oilokiegi, Trikidantz, Ttek elektrotxaranga, Porrotx, Maialen Lujanbio, Amets Arzallusen parte hartzearekin, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!