Erlantz Zaldunbide eta Aser Arza podiumera igo dira Huescako Canfranc lasterketan

Anboto 2022ko ira. 12a, 13:30
Ezkerreko irudian: Erlantz Zaldunbide; Eskumako irudian: Aser Arza podiumeko bigarren tokian.

Zaldunbide bigarren geratu da 100 kilometroko lasterketan eta Arzak beste hainbeste lortu du 70 kilometrokoan.

100 kilometroko probak ia 9.200 metroko desnibela zuen. Honako hau izan zen Erlantz Zaldunbideren denbora: 19.14.12. Iurretarra pozik dago egindako lanagaz. "100 kilometroko proba normaletik haratago doa. Gorputza horretarako prestatuta ote zihoan beldurragaz joan nintzen, baina ondo irten zitzaidan eta pozik nago", adierazi du. Gaueko freskotasunean "gustura" ibili zen eta egunez gehiago kostatu zitzaion bero handia egiten zuelako.

Ugutz Solagaistua abadiñarrak 11. tokian amaitu zuen proba bera. Honako hau izan zen bere denbora: 24.58.28.

Aser Arzak (Durango, 1986) bigarren amaitu zuen 70 kilometro eta 6.400 metroko desnibela zituen lasterketa. Bere denbora, honako hau: 12.01.02. Ezusteko emaitza eta denbora izan zen Gaikar taldeko korrikalariarentzat. "Ez nuen espero bigarren geratzea. Nik denbora bat nuen buruan: 13 ordutik bajatu nahi nuen. 12 ordu egin nituen eta hori itzelezko denbora da niretzat. Oso pozik nago. Nire erritmora joan nintzen eta nire lasterketa egin nuen. Lagun denak han zeuden, familia ere bai… lasterketa perfektua izan zen", gogoratu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!