Oihana Azkorbebeitia txapeldun eta Andikona Albizuri hirugarren Ubidestroi mendi lasterketan

Anboto 2022ko ira. 10a, 19:56
Uxoa Irigoien, Oihana Azkorbebeitia eta Andikona Albizuri (Argazkilaria: Jorge Perez)

Ubidestroi mendi lasterketa jokatu da, gaur, Ubide herrian, eta Durangaldeko neskak nabarmendu dira bertan.

Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak irabazi du proba (2.57.16), eta Andikona Albizuri korrikalari berriztarra hirugarren sailkatu da (3.22.43). Uxoa Irigoien getariarra izan da bigarrena (3.19.01). Lasterketaren lehenengo edizioa izan da aurtengoa eta Azkorbebeitiak antolakuntzakoen lana azpimarratu gura izan du: "Lasterketa zoragarria izan da, ibilbideagaitik alde batetik, eta herri osoak lasterketa prestatzeko egin duen lanagaitik bestetik. Ez da lasterketa soil bat izan. Egun osoko egitaraua antolatu dute, puzgarriak umeentzat, erromeria denentzat... eta hori guzti hori baloratu egin behar da. Eta emaitzagaz ere oso pozik nago, jakina", 

Andikona Albizuri ere pozarren dago gaurko lasterketagaz eta bizi izan duen giroagaz. "Mendi lasterketa gutxitan parte hartzeko aukera izaten dut, eta halakoetan familiagaz egun-pasa egiteko aprobetxatzen dut. Gainera, hirugarren geratuta, ezin dut gehiago eskatu", adierazi du Albizurik. 

Pozarren dagoen beste bat Aritz Azkorbebeitia abadiñarra da. Ubiden bizi da eta antolatzaileetariko bat da. "Hiru lagunen artean antolatu dugu dena, baina laguntzaile mordoa izan dugu, herritarrak buru-belarri aritu dira han eta hemen laguntzen, eta oso esker oneko gaude. Lehenengo edizioa izan da eta egongo da zer hobetu, jakina. Datorren urtekoa prestatzeko gogotsu gaude", esan du Azkorbebeitiak.

27 kilometroko lasterketa izan da, 1.790 metro positiboko desnibelekoa eta Gorbeia izan da korrikalariek igo duten mendirik garaiena (1.481 m). 

Mutiletan Hassan Ait Chauk irabazi du proba (2.26.03), Jokin Lizeaga izan da bigarrena (2.28.54) eta Hodei Samaniego hirugarrena (2.29.56).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!