'Bizkaikoloreak' txirrindularitza probak Durangaldea zeharkatuko du asteburuan

Anboto 2022ko abu. 26a, 11:31

2019an egindako Emakumeen Birako une bat.

Etapa bi jokatuko dira. Probak puntuagarriak izango dira emakumeen Junior mailako Nazioen Koparako.

Zapatuan egingo da lasterketetako bat; domekan bigarrena. Biharko etapa Abadiñoko Traña-Matiena auzotik irtengo da, gero Berriz, Zaldibar, Elorrio eta Atxondo igarota, Abadiñoko Zelaieta auzoan amaitzeko. Txirrindulariek bi bider igo beharko dute Miotako gaina, ondoren Areitio aldera egin eta San Trokaz gaina igotzeko. Beherakoan, ostera ere igo beharko dute Miotara, azkenik, Zelaietan amaitzeko. 65 kilometro pasatxoko lasterketa izango da.

Domekako etapa, berriz, Iurretan hasiko da eta Abadiño, Atxondo, Elorrio, Berriz, Zornotza eta Garai zeharkatuko ditu. Lasterketak Miotarako bidea hartuko du lehenik, eta Iurretara bueltatuta Zornotzara joko du gero. Handik Areitio aldera zuzenduko da tropela, San Trokaz gaineraino. Iurretako helmugara iritsi aurretik Andikoa eta Duña Gane igo beharko dituzte. Domekako lasterketak 71 kilometro ditu.

Bizkaikoloreak txirrindularitza proba Gallanda Txirrindulari Elkarteak antolatu du Iurretako, Abadiñoko eta Elorrioko Udalen laguntzagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren partaidetzagaz. Proba biak puntuagarriak izango dira emakumeen Junior mailako Nazioen Koparako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!