Berrizek eta Mallabiak Okako errepide zaharreko lanak amaitu dituzte, aisialdirako gune berriak eta bizikleta eta oinezkoen ibilbidea estreinatuz

Anboto 2022ko uzt. 22a, 12:46
Orlan Isiord eta Igor Agirre Berriz eta Mallabiko alkateak.

Lehengo BI-3340 errepidean egindako obrek 367.022 euroko aurrekontua izan dute.

Berrizko eta Mallabiko Udalek Okako errepide zaharrean egindako obren emaitzak eman dituzte ezagutzera, aisialdirako gune berriak eta bizikleta eta oinezkoentzako ibilbide bat estreinatuz. Ibilbideak bi udalerriak lotzen ditu, Larizko bidegurutzetik (Berriz) Zengotitako baselizaraino (Mallabia). BI-3340 errepide zaharra da, 1,5km ingurukoa, eta erabilerarik gabe geratu zen gaur egungo BI-633 errepidea egin zenean, Trabakua parean.

Egindako jarduketei dagokienez, galtzada garbitu da, ezponden arriskua konpondu da eta oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideen seinaleak jarri dira. Gainera, aparkalekuak egokitu dira errepidearen hainbat zatitan, eta aisialdirako gune berriak sortu dira merenderoekin, begiratokiekin eta bankuekin. “Lan horien helburua izan da oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide berri bat sortu ahal izatea, segurtasun-berme guztiekin", azaldu du Orlan Isoird Berrizko alkateak. Bestalde, Mallabiko alkate Igor Agirrek azpimarratu duenez, “jarduera hau natura-ondarea berreskuratzeko proiektuaren parte da, duela gutxi pertsona guztien gozamenerako ur-jauzien ibilbidearekin egin dugun bezala”.

Arlo ekonomikoari dagokionez, obraren azken kostua 367.022 eurokoa izan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu du osorik, exekuzio-proiektua idaztea, obra-zuzendaritza eta lan tekniko osagarriak izan ezik. Azken horren zenbatekoa 20.545 eurokoa izan da eta Berrizko Udalak bere gain hartu du %76an eta Mallabiko Udalak %24an.

Etorkizunerako asmoak
Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, San Lorentzo ermitatik Larizeko bidegurutzera doan oinezkoentzako lotunea osatzea aztertzen ari da, bai eta oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide bat ezartzea ere, BI-633 errepidea puntu horretatik modu seguruan gurutzatzeko eta Besoita-Andikoa errepidearekin komunikatzeko.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!