Ibilgailu astunei ezarriko zaizkien bidesariak "ibilgailu arin guztietara" zabalduko direla uste du AP-8 Peajerik ez plataformak

Anboto 2022ko uzt. 21a, 09:46
AP-8 Peajerik Ez! Plataformak Zornotzako San Antonio auzoan egindako protesta bat.

Bizkaiko Foru Aldundiak bidesariak ipiniko dizkie ibilgailu astunei, 2023tik aurrera. Neurriak bost errepideri eragingo die. Bidesarien kontrako plataformak kritiko agertu dira neurriarekin. Tartean, Durangaldeko AP-8 Peajerik ez plataforma.

Bizkaiko Batzar Nagusiek ibilgailu astunei bidesaria ipintzea onartu berri dute. Neurria 2023an sartuko da indarrean eta herrialdeko bost errepideri eragingo die. Horren aurrean, garraiolariek eta bidesarien kontrako plataformek protesta egin dute. AP-8 Peajerik ez, AP-68 Dohainik eta A-636 Peajerik ez plataformek ohar bateratu bat kaleratu dute haien kritika azaltzeko. Diotenez, bidesari berriak kamioientzat izango dira "hasiera batean", baina "ziur aski ibilgailu arin guztietara zabalduko dira, Gipuzkoako A-636 errepidearekin gertatu den bezala". Plataformen iritziz, neurriak "ordainbideak erabiltzera behartzen duen estrategia bati erantzuten dio", erregaien zerga "foru-kutxetarako diru-iturri nagusia izatera" igarota. 

Kritikak politikariei

Bidesarien kontrako plataformek diotenez, Imanol Pradales Azpiegituren foru diputatua "gezurretan" dabil, bidesaria ipintzea "Europako zuzentarauaren eskakizunak betetzeko" dela dioenean. "Gezurretan ari da, eta oker dagoela jakinda egiten du, Europako Batzordeak ez baitu estatu kiderik behartzen bidesariak ezartzera", azaldu du plataformak.

Bestalde, plataformek oposizian dauden alderdien "gaitasun eza" kritikatu dute. "EH Bilduko eta Ahal Duguko batzarkideen jarrerak agerian uzten du gai honetan beharrezkoak diren kolaborazionistak direla, eta ez dutela alde handirik EAJ eta PSE-EEren konpartsarekin", adierazi dute oharrean. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!