EH Bilduk "anbulatorioen itxiera" salatzeko eztabaida eramango du osoko bilkuretara

Anboto 2022ko uzt. 19a, 09:27

Osakidetza "kinka larrian" dagoela iritzita, koalizioak mozioak aurkeztuko ditu Durangaldeko udalerrietako plenoetan.

EH Bilduk osasun etxeetan dagoen "izugarrizko profesional gabezia" salatu gura du mozioagaz. Diotenez, osasungintzako profesional batek "gainerakoen agendak bete behar izaten ditu edo egunerokotasunean 45 kontsulta izaten ditu". Egoera horren aurrean kalitatezko arreta bermatzea "ezinezkoa" dela dio koalizioak. "Kontsulta presentzialak lortzea gero eta zailagoa izaten da. Atzerapenak nabarmen areagotu dira eta adinekoen eta kronikoen jarraipenerako gero eta zailtasun handiagoak daude. Gainera, herri txikietan medikura joateko beste herri edo hiri batera joan beharko dutela iragarri zuen Osasun Sailburuak", diote.

Honako puntu hauek eskatuko dituzte mozioan: urte osoan zehar, uda sasoian barne, zerbitzuak bermatzea; mediku egoiliarren kontratazio-eredua aldatzea; kontratu egonkorrak eta lehen arretan garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetuko dutenak bermartzea; eta Lehen Arretarako profesionak kopurua handitzea.

Mozioak Zaldibarko, Elorrioko, Mañariko, Izurtzako, Abadiñoko eta Berrizko plenoetara eramango dituzte. Zornotzan joan zen barikuan eztabaidatu zuten. Azken honetan, gobernu taldeak aurkezturiko mozio alternatiboak egin zuen aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!