Indarkeria matxistari aurre egiteko koordinazio protokoloak 63 biktima erregistratu zituen iaz

Anboto 2022ko uzt. 5a, 10:03
Berriztarrek kalera irten zuten iazko uztailean gertaturiko indarkeria matxista kasua salatzeko.

44 kasu erregistratu ziren Durangon; 11 Abadiñon, 5 Berrizen eta 3 Elorrion. Gaur egun udalerri horiek dira indarkeria matxistari aurre egiteko jarduera eta koordinazio mahaia osatzen duten eragileak, Mankomunitatearekin batera. Andereak elkarteak prebentzio neurriak eskatu ditu, eta gertakariak salatzera deitu du.

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduera eta koordinazio lanetarako II. protokoloak iazko urtearen balantzea egin du. Txosten batean jaso ditu protokolo horretara atxikitako udalerrietan iaz erregistratu ziren indarkeria matxista kasuak. Kopuru nagusiak honako hauek dira: 63 emakumek indarkeria matxistaren biktima izan zirela salatu zuten iaz. 44 izan ziren Durangon, 11 Abadiñon, 5 Berrizen eta 3 Elorrion. Jasandako indarkeria motari dagokionez, kasuen %87,5 indarkeria psikologikoari zein fisikoari lotutako erasoak izan ziren, mehatxuekin eta sexu-askatasunari egindako erasoekin batera. Emakumeen %7,14 indarkeria sexistaren biktima izan zen eta sexu erasoak jasan zituzten %5,36k. Erasotzailearekiko hartu emanari dagokionez, erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia izan da kasuen %80etan, eta senide bat kasuen %20an.

Salatzeko deia

Koordinazio mahaiaren arabera, indarkeria matxistari loturiko kopuruek beheranzko joera agertzen dute 2016tik honako bilakaeran, baina horrek ez du esan gura indarkeria murriztu egin denik. Koordinazio protokoloaren berbetan, "ezkutatu" egin dira indarkeria egoerak. Hain zuzen ere, Durangoko Andereak elkarteak salaketak ezagutzera ematea eskatu du. Elkartearen iritziz, koordinazio protokoloak emaniko datuak "ez dira nahikoa", salaketak "noiz egiten diren jakinarazi" beharko litzatekeelako "beste udalerri batzuetan egiten den bezala, eta aurreko udal-agintaldian Durangon egiten zen bezala". Andereak-en ustez, "indarkeria matxistaren gertakari bakoitzari buruzko informazioarekin batera, prebentzio eta kontzientziazio neurriak" hartu behar dira. Elkarteak ezinbestekotzat jo du "udal instantziek salaketa jartzea, udalbatzaren babesa helarazten dielako biktimei, eta konpromisoa hartzen duelako emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!