Grebalari bat atxilotu dute metalgintzako Durangaldeko mobilizazioetan

Anboto 2022ko eka. 30a, 11:44

Arriandiko industrigunean atxilotu du Ertzaintzak grebalaria. "Agintearen aurkako atentatua eta erresistentzia larria" egozten dizkiote atxilotuari Ertzaintzaren iturrien arabera. Beste grebalari bat ere identifikatu dute. 

Goizeko 10:00etan hainbat lagun edukiontziak gurutzatzen eta erretzen saiatu dira Ertzaintzaren arabera, baina, "berehala" garbitu dute errepidea eta ez da "trafiko intzidentziarik" egon. LAB sindikatuak bertsio hori gezurtatu du, eta grebalariak  "gosaltzen" ari zirela esan du sare sozialetan. 

Bizkaiko metalgintzako beharginek lanuzteak eta mobilizazioak deitu dituzte herrialdeko ituna berritu dadin eskatzeko. Gaur, manifestazio jendetsua egin dute Iurretako Bidebarrieta kaletik Durangoko Andra Marira. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!