Hitzarmena sinatu dute Gerediaga elkarteak eta Mankomunitateak

Aritz Maldonado 2022ko eka. 29a, 12:22

Durangaldeko ondare historikoa, soziala eta kulturala sustatzeko helburua du lankidetza hitzarmenak; 10.000 euroko aurrekontua du. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak eta Mirieia Elkoroiribe Mankomunitateko presidentea sinatu dute hitzarmena; Durangaldeko hainbat herritako alkateek ere parte hartu dute ekitaldian. 

Elkoroiriberen berbetan, hitzarmena sinatzea "pauso handia" da, aurretik Gerediagaren eta Mankomunitatearen artean elkarlana bazegoela esan arren. "Eskualdean eta eskualderako lanean dauden elkarteak ez dira asko, eta euren lana aitortu egin behar da", azaldu du aurkezpenean. Nerea Mujikak ere esker oneko berbak eduki ditu. "Bi proiektuek harremana eduki dute hasieratik, sorreratik. Hain zuzen ere, hainbat urtez egoitza ere konpartitu dugu. Hau pauso garrantzitsua da, baina". Elkarlaneko proiektu bezala, Durangoko Azokako postua, eta Ikerlari Gazteentzako beka aipatu dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!