Durangaldeko ekintzaileek euren esperientziak partekatuko dituzte 'Alkarregaz ekin!' foroan

Anboto 2022ko eka. 24a, 12:54

Mankomunitateak eta Durangaldeko Enpresen Elkarteak Durangaldea Alkarregaz ekin! jardunaldia egingo dute martitzenean, hilaren 28an. 

Mahainguru bi egingo dituzte. Batetik ekonomiari eta negozio arloko ezagutzari buruzkoa, 10:00etan hasiko dena. Bertan Aritza López de Guereño EHUko finantza ekonomiako irakaslea, Oihane Irusquieta Maristetako irakaslea eta Maria Jesus Ormaetxea Behargintzako arduraduna egongo dira.

Bigarren mahaingurua 10:30etan hasiko da. Bertan Behargintzarekin elkarlanean hasi diren eskualdeko ekintzaileen testigantzak eta gogoetak batuko dituzte. Silvia Formentik berdintasuna, landa-garapena eta kimika naturala ardatz dituen bere Zentripeta proiektuaz egingo du berba; Yolanda Huergak musikoterapia eta birgaitzearen gaia jorratuko du Illaryn duen esperientzian oinarrituta;, Berenice Lópezek Belaze baserri ekologikoa martxan jartzearen esperientzia partekatuko du eta Alhassane Diengek Askatasun Etorbidea garbitegiko buru lez duen esperientzia kontatuko du.

Mankomunitateko presidente Mireia Elkoroiribek azaldu duenez, "topaketa, energiari, gogoari, ahaleginari eta negozioari ekiteko eta eusteko pertsonek dituzten zailtasunei aurre egiteko gaitasunari buruzkoa izango da.” 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!