Deituta dauden hiru greba egunetatik lehenengoa gaur Bizkaiko metalgintzan

Anboto 2022ko eka. 23a, 09:35
Ekainaren 8an grebarako deialdia iragarri zuten eguneko argazkia. (www.lab.eus)

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, USO, CGT eta CNTk egin dute deialdia. Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean ere greba egunak iragarrita daude.

Grebarako deialdia egindako sindikatuek osatutako plataforma bateratuak hainbat batzar egin ditu enpresarien elkartearekin, baina ez dute akordiorik lotu metalgintzako itun berrirako. Horregatik, ekain hasieran hiru eguneko greba deialdiak egin zituzten. Gaur da hiru egunetako lehenengoa.

2021a "oso ona" izan zen Bizkaiko metalgintzako enpresentzat eta "2022a ere izango da", grebako deitzaileen arabera. "Erosteko ahalmena berreskuratzeaz hitz egingo duen akordio bat eskatzen dugu, hobekuntza sozialak izango dituena, eta FVEMeko [Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak] patronalak kondenatu nahi gaituen prekarietatea eta pobreziaren hedapena geldiaraziko dituena", adierazi dute ohar batean.

2019an izandako negoziazioetan, hamar greba egun egin zituzten. Ondoren, deituta zeuden beste sei greba egun gauzatu aurretik, akordioa lortu zuten. Iaz arte egon da indarrean hitzarmena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!