Irailaren 24an hasiko da Amurizak, Bizkarrak eta Pagonabarragak parte hartuko duten Bertsolari Txapelketa Nagusia

Anboto 2022ko eka. 22a, 12:29
@XDZ

Irailaren 24an hasi eta abenduaren 18an amaituko da 18. Bertsolari Txapelketa Nagusia. Aitor Bizkarrak eta Gorka Pagonabarragak lehenengo biderra izango dute txapelketan Miren Amurizak, ostera, laugarren parte hartzea izango du.

Bost urte igaro dira Bertsozale Elkarteak azken Txapelketa Nagusia antolatu zuenetik, eta gaurko aurkezpenean, urteotan kulturgintzak eta bertsolaritzak bizitako urte "gorabeheratsuak" gogoratu dituzte antolatzaileek. "Orain artean ezagutu gabeko atakan izan da bertsolaritza: bertso plaza ia erabat geldirik, sortzaileak kinka larrian, gure ekosistema egun batetik bestera hankaz gora, bertso eskolak halabeharrez mutu, ekimen franko bertan behera...", azaldu dute, eta orain "bertsolariei hitza emateko unea" dela nabarmendu dute gero. Hamalau saiok osatuko dute 18. Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta horietako bat Durangon izango da, finalaurrekoetako lehenengo itzuliko azken saioa, hain zuzen ere. Azaroaren 12an izango da saioa, Landako Gunean. Aitor Mendiluzek eta Beñat Gaztelumendik egingo dute bertsotan bertan, aurreko Txapelketa Nagusiako finalean kantuan egin ostean. 

Abenduaren 18ko finalerako sarrerak, bihar, ekainak 23, jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus atarian. 2005etik Barakaldoko (Bizkaia) BECen egin dira finala, aurten baina, tokiz aldatuko da, eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Iruñeko Nafarroa Arenan egingo dute, abenduaren 18an. 

Elortzak uko

Guztira, 42 bertsolarik hartuko dute parte Txapelketa Nagusian; bertsolarietako 36k lehenengo fasean egingo dute kantuan. Aurreko edizioko finalistak bigarren fasean sartuko dira txapelketan; aurreko finalean aritu arren, Igor Elortza bertsolari durangarrak uko egin dio aurtengo txapelketan kantatzeari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!