2023ko Frantziako Tourreko lehenengo hiru etapak Euskal Herrian jokatuko dira oso-osorik, eta Durangaldeak presentzia nabarmena izango du hirugarrenean. Uztailaren 3an, Zornotzan hasi eta Ipar Euskal Herrian amaituko da lasterketa, N-634 errepidetik Iurreta, Abadiño eta Berriz igaro ostean, Trabakua igota. Horren guztiaren aurrerapen gisa, Bizkaiko Foru Aldundiak Tour Egunak antolatu ditu herrialde osoko herrietan barrena. Bizkaiko 18 herritan egingo dituzte, tartean, Zornotzan eta Durangon. Lehenengoan aurtengo urriaren 23an egingo dute. Bigarrenean, datorren urteko otsailaren 12an.
Aldundiak aurreratu duenez, Tour Egunek lasterketaren historia eta honek Bizkaian egingo duen ibilbidea ezagutaraziko dute. Horrez gainera, "egitasmoen helburu nagusia txirrindularitza sustatzea izango da, bai kirol arloan eta baita mugikortasun arloan ere". Besteak beste bizikleta eguneroko joan-etorrietarako garraiobide lez erabiltzea butzatuko dute.
Tour Egunetan egongo diren espazio eta tailerrak:
- Hezkuntza-ikasgela bat, non, jolasaren bidez eta Maxoo Tourreko maskota ofizialaren eskutik, txirrindularitzan, bizikletaren ezagutzan eta 14 urtera arteko neska-mutilen oinarrizko arauen ezagutzan sakontzen den.
- Bide-segurtasuneko gela bat, non modu seguruan bizikletan ibiltzen ikasteko, arauak jokoen bidez ezagutzeko, ekipamendu egokia erabiltzeko eta bizikletaz ibiltzean behar bezala jokatzeko jardungo den.
- Lantegi-gune bat, bizikleta mantentzeari eta konpontzeari buruzko oinarrizko nozioak ikasteko, bai eta lapurretak saihesteko babesari buruzkoak ere.
- Bizikletak aukeratzeko eta probatzeko gune bat, non pertsona espezializatu batek erabiltzaile bakoitzarentzat egokiena den bizikleta motari eta tailari buruzko aholkuak ematen dituen, dauden moten arteko zalantzak argituz; hiriko bizikletak, errepidekoak, mendikoak, tolesgarriak, elektrikoak.
- Txirrindularitza eta mugikortasun jasangarria sustatzen duten tokiko klub eta txirrindularientzat gordetako gunea.
Gune horiekin batera, praktiketarako eremu bat prestatuko da, bi pista dituena:
- Hastapenetarako pista bat, espezialistek gainbegiratua, 2 eta 10 urte bitarteko haurrak bizikletaren erabileran ohitu daitezen.
- Txirrindularitzan hasita dauden 6-14 urteko haurrentzat egokitutako pump track pista.