"Amatasunaren bizipenak ez du zertan itogarria izan, sistema da amatasunari bizkar emanda dagoena"

Jone Guenetxea 2022ko mai. 13a, 10:00

Erika Lagoma Pombarrek (Lesaka, 1981)  eta Estitxu Fernandez Maritxalarrek (Lesaka, 1975) amatasunaren inguruko lekukotzak jaso dituzte M ama* eme* ume* liburuan. Bizipen intimo horiek guztiak matiz guztiekin jaso dituzte 13 lekukotzaren bitartez. Liburua irakurtzeak ispiluaren aurrean jartzea dakar. Zaila, baina sendagarria, oztopoen gainetik maitasuna eta ahalduntzea gailentzen baitira. 

 Hamahiru elkarrizketa egin dituzue. Zelako esperientzia izan da?
Estitxu Fernandez: Oso elkarrizketa sakonak izan dira, terapeutikoak. Ez ziren kazetaritzako ohiko elkarrizketak bezalakoak. Argi genuen ohiko amatasunak nahi genituela, emakume gehienok hor sartzen garelako, baina ertzak ere ukitu behar zirela. Profil horien barruan ama bakarrak, banandutako amak, lesbianak, ama ez direnak... Elkarrizketatuak ez ditugu oso hurbiletik ezagutzen. Guretzat irakurleentzat besteko sorpresa izan da elkarrizketatuengandik jaso duguna. Elkarrizketatu bakoitza Matriuska bat izan da. Kapa horiek ateratzen joan gara. Hori ona da, aurreiritzirik gabe joan garelako, ideia zehatzik barik. 
Erika Lagoma: Amatasun feministen bila joan gara, sistema zalantzan jartzen dutenak eta zirrikituen bila dabiltzanak. Elkarrizketatuak bat datoz gauza batean: euren burua feministatzat dute. 

June Fernandezek bere hitzaurrean dio emakumeen eskubideen borrokan amatasuna deserosoa dela. Ados zaudete?
E.F.: Harreman gatazkatsua izan da orain arte. Bere momentuan ukatu behar izan zelako. Garai batean amatasuna kartzela zen. Emakumearen destino naturala zen eta horren bitartez baino ez zen errealizatuko. Horren bitartez bakarrik izango zen emakume. Gizonaren menpe, isilik. Ezer esan gabe. Feminismoak lan handia egin zuen egoera hori ukatuz. Amatasunaren instituzio zapaltzailea bera izan da ukatu dena, baina baita amatasunaren bizipen guztiak ere. Feminismo hegemonikoak hartu zuen bidea ukatzea izan zen. Amatasuna emakume guztien errealizazioa oztopo bezala ulertuz. Edo ama ez izan, edo umeen zaintza lehenbailehen delegatu gizarte kapitalista honetan profesionalki errealizatzeko. Oraindik feminismo hegemonikoa hor mugitzen da pixkat, ez direlako amen ahotsak entzun. Amatasunaren bizipenak ez du zertan itogarria izan, sistema da amatasunari bizkar emanda dagoena erabat, eta amok exigentziak jota egotea dakar horrek, gehiago ezinda egotea, baina ez amatasunak berak eraginda. Hala ere, azpimarratu behar da norbaitek amatasunari begiratu eta begiratzen badio, hori feminismoa dela.
E.L.: Uste dut emakume askok erabakitzen dugula ama izatea, eta gero ez dakigula oso ondo hori nola enkajatu gure lanaren ideia horrekin. Zoragarriak izan behar dugu gauza guztietan. Amatasunaren momentuaren arabera oso zaila da borrokarako egotea, ez gaudelako horretan. Espazioak topatu behar ditugu, eta horren ume txikiak ez ditugun amok elkartasunez egin beharko genuke borroka hori, plaza hori hartu behar dugu. Entzun dezagun kontatzeko duguna, eztabaidatu dezagun. Premiazkoa da eztabaidaz gain mugimendu bat sortzea, feminismoaren gainontzeko borrokei garrantzirik kendu gabe. 

Oso profil ezberdinetako testigantzetan ideia asko, modu batera edo bestera, errepikatu egiten dira. Horietariko bat da epaituak sentitu direla. 
E.F.: Hainbat ondorio atera daiteke, eta bat horixe izan daiteke, epaitua sentitzearena. Biberoia ematen badiozu epaitua zara, titia ematen badiozu ere bai. Txalotzen diren bakarrak aitatxoak dira. Ume jaioberria motxilan hartu eta alfonbra jartzen zaie. Beste ideietako bat komunitatearen eta sarearen beharra da. Birpentsatzea zelan bizi garen familia nuklear txikietan, pisu txikietan, nora eraman gaituen kapitalismoak, produktibismoak, nola desagertu den baserria...
E.L.: Ahalduntzea ere errepikatzen den gai bat da. Aurkezpenean ere azaldu genuen moduan, bakardadea askotan aipatzen da, baina maitasun handia dago liburuan. Maitasuna eta ahalduntzea. Badaude itzalak, baina badaude argiak ere. Ideia batzuk errepikatzen dira baina ez dira errepikakorrak. Zenbat hari mutur atera diren batak bestea osatuz. 
E.F.: Ia denek bereizten zuten zer den ume jaioberria, txikia edo koskorra. Denak dira zaurgarriak, baina amari eta amaren gorputzari lotuago dagoena eta lehenetsi behar den garaia ume txiki jaioberri horren ingurukoa da. Sistemak bizkarra eman diela ere sentitzen zuten, sistema sanitarioak, sistema judizialak, hezkuntza sistemak, lan esparruak...

Testigantzetan oso bizipen intimoak kontatu dituzte. Esan dizuete baiezkoa ematerakoan zergaitik hartu duten erabaki hori?
E.L.: Estitxuk sekulako lana egin du. Lau orduko elkarrizketak izan dira, eta jakin egin behar da elkarrizketa horiek eramaten eta sostengatzen. Lan hori Estitxuk egin du, ni presente egon arren. Konfiantza giroa sortu da eta horregatik kontatu dute hainbeste gauza. Konfiantza horretatik abiatuta beraien istorioa kontatzea izan da beraien motibazioa, ziurrenik horrela ez diote inori kontatu eta. Eta gero, baliagarria izan dadila. Nire istorioa baliagarria izan dadila beste norbaitentzat, berea berrikusteko edo bere bidean sendagarria izateko.
E. F.: Elkarrizketetan hiruron arteko konfiantza giroa sortu da, Erika ere presente egon delako. Ildo horretatik, bere indargunea azpimarratuko nuke. Elkarrizketa guztiak egin eta gero, idazketa prozesuan biok aritu garen arren, Erikak gidatu du narrazioen moldea. Modu soilean idatzita daude, zuzenak dira, hornidurarik gabeak, baina oso zainduak era berean. Lehenengo irakurleek esan digute testuak oso ondo barneratzen direla. 

Gizon biren testigantzak ere jaso dituzue. 
E.L.: Hasieran hamaika elkarrizketa ziren, baina hamahiru izatea erabaki genuen, zenbaki deserosoa delako. Gizon bi elkarrizketatzea hausnartutako kontua izan zen. Argi genuen amek hitz egitea nahi genuela, eta horien artean ama ez izatea erabaki duen bat izatea. Argi genuen beste gauza bat zen gizonek ere liburu hau irakurtzea nahi genuela. Gauza asko esaten dira gizonezkoek entzun behar dituztenak. Bigarrenik, garrantzitsua da beraien aitatasuna modu arduratsuan eta kontzienteki bizi duten aiten ahotsak ere hor agertzea.

Amak eta umeak erdigunera ekarri dituzue.
E.F.: Amatasunari buruz ari gara, baina inplizituki umeak aipatzen ari gara. Amatasuna zaintzeaz ari gara umeak zaintzeaz ari garelako. Umea zaindu nahi badugu ama zaindu behar dugu. Noski, batez ere hasierako momentu horretan amatasun biologikoaz ari gara, amaren gorputza baitago erdigunean haurdunaldian, erditzean eta erdiondo luzean. Hor ama lehenetsi behar da umea zaintzeko. Eta gero, geroago datoz gurasoak, horren ostean amaren gorputza ez delako hain zentrala, baina umeen eskubideei buruz ari gara. Amen eskubideei buruz ari garenean, amatasuna oraindik librea ez bada, horrek esan nahi du umeak ere eskubiderik gabe daudela eta ez direla subjektu politikoak. Hori nahiko garbi ikusi da pandemian, eta gure liburuan ere nahiko garbi agertzen da. Umeak bigarren mailako biztanleak dira eta ari gara amen eskubideen alde eta baita umeen eskubideen alde ere. 

Liburua sortzeko ibilbidean, kolaboratzaile ugari izan duzue.
E.L.: Hitzaurrea June Fernandezek egin du eta guretzat oso garrantzitsua da, atal horrek osotasuna ematen diolako liburuari, eta puntu batzuk lantzen ditu, elkarrizketetan ez ditugunak hainbeste landu, bizipenetan zentratu nahi izan dugulako. Azala Ainara Lasak egin digu eta guretzat liburuaren parte da. Xabier Mendiguren editore modura ere oso hurbil sentitu dugu. Alaine Agirreren sostengua ere izan dugu. Eta noski, gure etxekoak eta egunero sostengatzen gaituzten horiek. 

Zein lotura dute Erikak eta Estitxuk euren artean liburu bat elkarregaz idaztea erabakitzeko?
E. L.: Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta batzuetan hurbilago eta beste batzuetan urrunago, beti egon gara elkarren bueltan. Estitxuk jaio nintzenetik ezagutzen nau. Gero, futbolean topo egin dugu, bertsolaritzan, dantzan, lagunartean… Berriro topo egin dugu, oso modu estuan, amatasunean. Estitxu Donostian bizi da eta ni Durangon, baina beti egon gara hor behar izan dugunean. Bai une kritikoetan eta baita pozgarrietan ere. Uste dut pozak ere konpartitu ditugula. Era berean, "ezin dut gehiago" sentitzen nuenean, Estitxuri dei egiten nion. Beti topatu dut parean ulertzen ninduen eta epaitzen ez ninduen pertsona bat. Hauspoa ematen dit gauzak berriz ere bere lekuan jartzeko. 

Liburua idazteko abiapuntua Durangoko jardunaldi feminista izan zen. Zerk bultzatu zintuzten?
E.L.: Durangoko jardunaldi feministetara elkarrekin joatea pentsatu genuen. Ez geunden garai bereziki alai eta indartsu batean. Estitxuri elkarrekin joateko esan nion. Kartel batekin topo egin genuen. Hamaika tailer eta hitzaldiren artean bat amatasunari buruzkoa zen. Institutuko gela txiki batean egin zen batzarra. Heldu ginenean, emakume pila bat topatu genuen ezin sartu, ez zegoelako lekurik. Gu sartu ahal izan ginen, sare sozialetan laguntzen ari nintzelako. Denetatik entzun zen han. Hitz egiteko beharrizan handia zegoen, baita entzuteko ere. Gauza anitz entzuten ziren, besteak beste, bakardadea, iruzurra... Beste amen esperientziak ez ditugula ezagutzen aipatu zen batez ere. Hau geuk egin genezakeela pentsatu genuen. Hantxe sortu zen proiektu honen hazia, eta eutsi egin genion. Bi urteko lana izan da.
E. F.: Erikaren indarragatik eutsi genion. Berak beti esaten zidan hau biok egin behar genuela, elkarrekin. Momentu horretan beste gauza pila batekin nenbilen. Horrela behar zuen, berarekin bai. Berak esan du une kritikoetan hor egon naizela, eta berdin bera nirekin, biok oso amatasun desberdinak bizi arren. Bion artean konfiantza genuela sentitzen genuen. Bidean baietz ikusi dugu, elkar zaintzeko gai garela. Hasierako premisa horixe izan zen, elkar zainduko genuela eta gozamenetik egingo genuela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!