Airearen kalitatea

Durangaldeko airearen kalitatearen berri emateko jardunaldia antolatu dute

Anboto 2022ko mai. 6a, 14:50

Ingurumen Saileko ordezkariak Durangoko Elkartegira etorriko dira maiatzaren 11n, herritarrei airearen kalitateari buruzko zalantzak argitzeko asmoz. Herritarrek galderak egiteko aukera izango dute.

Mankomunitateak Durangaldeko airearen kalitateari buruzko informazioa eskaintzeko saioa antolatu du. Informazio-saioa maiatzaren 11n egingo dute, Elkartegian, 18:00etatik 19:30etara. Bertaratu gura duten herritarrek izena eman beharko dute aldez aurretik, 946232522 telefonoan edo agenda2030@dma.eus helbide elektronikoan. Informazio saioan Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia Mankomunitateko presidentea, Amaia Barredo Martin Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea eta Javier Agirre Orcajo Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria egongo dira. Haien azalpenak amaitutakoan galderak egiteko txanda zabalduko dute.

Mankomunitateak dioenez, gure eskualdeko airearen kalitatearen maila "altua" da "Bizkaikoarekin eta Autonomia Erkidegokoarekin alderatuta". "Parametro guztiak muga osasungarrien barruan" daudela adierazi du, honako parametro hauei erreferentzia eginda: nitrogeno dioxidoa, sufre dioxidoa,  karbono monoxidoa, ozonoa, PM10 partikulak eta PM2,5 partikulak. Dena dela, Mankomunitateak adierazi du "airearen kalitateari buruzko datu negatiboak" ikusten direla "industria-jardueraren edo ibilgailuen trafikoaren ondorioz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!