Ikus-entzunezko lan bi eta idatzizko ikerketa bat saritu ditu Gerediaga elkarteak Ikerlari Gazteen Sarian

Anboto 2022ko mai. 5a, 10:03

Adrian Burgada, Ibone Gomez eta Peio Martin.

Peio Martin zornotzarra, Ibone Gomez zaldibartarra eta Adrian Burgada durangarra saritu ditu Gerediaga elkarteak Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sarian. Guztira 36 lan aurkeztu dituzte, eta hiru lan saritu. 

Durangaldeko ondarea, historia eta kultura gazteen artean zabaldu guran antolatu du Gerediaga Elkarteak lehenengoz Durangaldeko ikerlari Gazteen saria. Lehen edizioan, hiru lan saritu ditu eta bakoitzak 500 euroko saria eskuratu du. 

Martinen Elkarrizketa amamarekin lanak Andaluziatik Euskal Herrira etorri zen amamaren bizipenak batzen ditu. "Espainiako memoria historikoa modu ez traumatiko batean kontatzeko era zela iruditu zitzaidan. Migrazioa, gerra zibila edota beste bizitza berri bati ekitea bezalako gaiez mintzatzen da. Nire ustetan garrantzitsua da horrelako istorioak kontatzea", azaldu zuen Martinek. Ikus-entzunezko lana da, Ibone Gomezen Euskal Bidaiariak bezala; Durangaldeko herri desberdinetatik bidaia proposatzen du lan honek, Durangoko, Elorrioko eta Zaldibarko ondarea eta gertakari esanguratsuenak azalduz. "Kontaketa bideo bidez egitea errazagoa da niretzako. Durango aipatzea beharrezkoa zen Durangaldeko bihotza delako, eta Elorrio eta Zaldibar, ostera, hain ezagunak ez direlako". Adrian Burgadak, bestalde, Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa paisaiaren bilakaera aztertu du. Epaimahaiak ikerketa landua dela azpimarratu du, "teknikoki ondo antolatua eta zehatza, lan bibliografiko interesgarriarekin". Burgadaren lana Astola urtekarian kaleratuko du Gerediagak, baita ere.  Epaimahaia Iruri Altzerreka zuzenbide ikasleak, Helene Sanchez bioteknologian graduatuak eta Liher Larrañaga ikus-entzunezko komunikazioan arituak osatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!