Durangoko eta Iurretako Udaletako ordezkariek, Ima Garrastatxu eta Iñaki Totorikaguena buru dituztela, bilera bat ospatu dute ostegun honetan. Bertan erabaki dute Eusko Jaurlaritzari bi udalerrietako airearen kalitatearen egoera aztertzeko mahai tekniko bat sor dezala eskatzea, udal biek batera bidalitako ohar batean azaldu dutenez.
Eusko Jaurlaritzaren (2021) eta Durangoko Udalaren (2020) azterlanek lortutako datuen ebidentzia ikusita, aipatutako mahai teknikoaren lehen helburua izango da "orain arte Durangoko hainbat enpresatan egindako neurketen eta ekintza planen azterketa zehatza egitea, ondoren bi Udalei helarazteko".
Era berean, bi udalek erabaki dute lehen fase honetako epeak mugatzea, eta, ekintza planek eta neurriek eraginik ez badute, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari eskatzea neurketak bi herrietako hainbat enpresatara zabaltzeko, kutsadura foku posibleak bilatzeko.
“Hizpide dugun eta kezkatzen gaituen gaia da, eta horregatik uste dugu ezinbestekoa dela erakundeen arteko elkarlana. Lanean jarraituko dugu bentzeno fokuak detektatzeko eta bi herrietako airearen kalitatea hobetzeko”, adierazi dute bi udalerrietako ordezkariek.