[BIDEOA]: Mikel Bizkarrak Mallabiko etapa bukaera erakutsi digu

Anboto 2022ko api. 4a, 13:55

Aurtengo Itzuliko bosgarren etapa Mallabian amaituko da. Herria behetik gora zeharkatu, eta txirrindulariak San Pedro ermitaren ondoan helmugaratuko dira. Aldats gogorrak daude 500 metro horietan. Etapa osoaren antzera, amaiera ere "gogorra" dela eta alde txiki batzuk markatuko dituela uste du Bizkarrak. Euren armak erabilita, ihesaldiak eta abar, gerra ematera irtengo dute Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek. 

Zer iruditzen zaizu Mallabiko etapa amaiera?
Gogorra. Euskal Herriko Itzulian beti sartzen dituzte horrelako 'tranpak': igoera labur eta gogor asko. Polita izango da. Seguru Mallabiko herri guztia hantxe egongo dena. Alde txiki batzuk ere markatuko direla uste dut. 

Zein zati iruditu zaizu gogorrena?
Dena da gogorra, ia ez dauka deskantsurik. Zati handi bat harbidean da. Harbide leuna da, ez da Belgikako lasterketetan ikusten denaren modukoa, baina baditu bere zailtasuna eta bere xarma.

Etapa apurtuta helduko dela uste duzu?
Azken-aurreko etapa da eta aldats mordo bat dago helmugakoaren aurretik. Mallabira heldu aurretik Elgeta igoko dugu. Ez da igoera luzea, baina gogorra bai. Behin Karabieta gainetik igarota, Eibarretik Mallabira segituan heltzen zara. Etapa gogorra izango dela uste dut eta Mallabira talde txiki bat helduko dela buruan. 

Nor ikusten duzu faborito etapa irabazteko?
Primoz Roglic-entzat amaiera polita dela uste dut. Tira, amaiera guztiak dira onak berarentzat. Julian Alaphilippe-entzat ere oso aldats egokia da: laburra eta esplosiboa. Ondo heltzen bada, bera izango da faboritoa.

Mallabiko etapa begiz jota duzue taldean?
Etapa polita izan daiteke ihesaldi bat harrapatzeko. Bosgarren eguna izango da, sailkapen orokorrean jende asko denbora dezente galduta egongo da… Seguru ahaleginduko garena.

Etapa berean Garaitik ere igaroko zarete. Aspaldian ez zinen handik igaroko lasterketa batean.
Ez ba! Kadeteetan eta gazte mailan nenbilenean bai, baina harrezkero ez naiz pasatu. Garaitik igo eta Goiuriatik jaitsiko gara. Polita izango da handik pasatzea ere. 

Zu zeu zelan zaude? Murtziako Itzuliko erorikoa ahaztuta duzu?
Badut molestiaren bat, baina ez dit eragozten bizikletan dena emateko, eta alde horretatik ondo nago. 

Kataluniako Itzulian protagonista izan zara ihesaldi batean baino gehiagotan. Gustura zaude egindako lanagaz?
Bai, lesioaren osteko lehenengo lasterketa izan da. Oso itzuli gogorra da. Lehenengo egunetan ez nengoen ondo, baina egunetik egunera hobera joan nintzen. Pare bat ihesalditan egoteko eta mendiko lider jartzeko aukera izan nuen. Azkenean ezin izan nuen maillot hori etxera ekarri, baina gustura amaitu nuen eta gogotsu nago datorrenerako.

Itzulira sasoian helduko zara?
Kataluniako Itzuliak falta zitzaidan puntu hori eman izana espero dut. Ondo errekuperatzea da gakoa orain. Astebete dugu gorputzari buelta emateko eta lasterketa egun denak asimilatzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!