“Ate asko jotzen gabiltza; itzela litzateke zirkuituari eskerrak gazteak batzea”

Aritz Maldonado 2022ko api. 2a, 11:30

Durangaldeko Bertso Eskolak jarraipena emango dio iaz martxan ipinitako zirkuituari, lehenengo horrek izandako harrera errepikatu guran. Zapatuan hasiko da, Etxanon. Igor Galarza abadiñarrak eta Ander Elorriaga durangarrak ANBOTOren galderei erantzun diete.

Gogotsu zapatuan bigarren zirkuituari ekiteko?
Igor Galarza: Orokorrean gauza polita egin genuen sentsazioa dugu. Saio batzuetan besteetan baino jende gehiago batu zen, baina herrietako jendeak ondo erantzun zuen eta pozik gaude lehenengo zirkuituak izandako erantzunagaz.
Ander Elorriaga: Kontuan izan behar da iazkoan murrizketak egon zirela, aforoagaitik eta, orokorrean, birusagaitik; plaza batzuk topatzerakoan, beharbada ez genuen asmatu. Bigarren hau erakargarriagoa izango dela uste dut, bai gonbidatuengaitik, bai saio kopurua murriztu eta zirkuitu laburragoa izango delako. Zortzi asteko kontu bat izango da eta ez da luze egingo. Gainera, errazagoa ere izango da bertso eskolako kideak dinamikan sartzeko. 

Lekuekin ez zenutela asmatu diozue, baina zaletasuna zabaltzea zen helburuetariko bat? Leku berrietara heltzea?
A. E.: Bai, zirkuituko saioak Landako Gunera eramateak, esaterako, ez du zentzurik. Oso gutxitan kantatutako edo ikusitako lekuetara eraman gura genituen saioak, erantzuna zein zen ikusteko. 

Saio gutxiago, baina gonbidatu gehiago. 
I.G.: Aurrekoagaz konparatuta, saio kopurua nabarmen gutxitu da. Baina kontuan hartu behar da, nik uste, Etxanon hasiko dugula zirkuitua, eta Garain itxi. Horixe du ona zirkuituak. Etxanon zale mota baten aurrean abestu dezakegu eta Elorrioko Gaztetxean beste mota baten aurrean. Baliteke asmatzea edo ez asmatzea, baina probatu egin behar da hori jakiteko.

Sareak osatzeko ere izango da interesgarria.
I.G.: Bai, eta esango nuke saio erakargarriagoak eskaintzea lortuko dugula horrela. Hamar bertsolari gonbidatu ditugu eta horietariko zazpi emakumezkoak dira. Euskal Herriko herrialde guztietako bertsolariak dira, maila onekoak, nahiz eta batzuek plaza askotan abestu ez.    

 Zelan ikusten duzue Durangaldeko Bertso Eskola?
I. G.: Ez gaude txarto. Zirkuitu hau antolatzea da horren adibidea, halakoak ez dira lau eskugaz egiten eta. Hala ere, eskoletako ateak jotzen gabiltza, bertsozale gazteagoen bila, uste dugulako onuragarria litzatekeela jende gazteagoa batzea. Zirkuituak helburu hori lortzen lagunduko balu, itzela litzateke!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!