Durangaldeko Ahal Dugu: "Sagarduik ez gure udalerrien errealitatea ezagutzen"

Anboto 2022ko mar. 28a, 13:16

Alderdi moreak dioenez, Osasun sailburuak "ezin du esan Durangaldeko herritarrek kalitatezko zerbitzu bat" dutenik. 

Durangaldeko Podemos Ahal Dugu ez dator bat azken egunotan Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esanikoekin. Gure eskualdeko osasun arreta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainerako eremuetakoa bezalakoa zela adierazi zuen Sagarduik duela egun batzuk; Durangaldeko herritarrek "kalitatezko zerbitzu bat" dutela gaineratu zuen. Baina alderdi morea ez da adierazpenokin bat etorri. Podemos Ahal Duguren berbetan, "[Sagarduik] ezin du esan herritarrek kalitatezko zerbitzu bat dutela eta estimatzen dutela, protestak etengabeak direnean. Baieztapen horrek gure udalerrien errealitatea ezagutzen ez duela erakusten du”, kritikatu dute.

Alderdi morearen iritziz, "kaleetan oraindik ere jendearen ezinegona eta haserrea" igartzen dira. "Gure eskualdean ikusi da osasun arretak okerrera egin duela, pandemiaren aurretik ere igartzen zela, eta larriagotzen jarraitzen du", adierazi dute alderditik. "Ez dugu geuk esaten, erabiltzaileek esaten dute eta osasun langileek ere esaten dute", bukatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!