Lantegietan euskara sustatzeko konpromisoa sinatu dute Durangaldeko 13 enpresak eta 2 ikastetxek

Ekaitz Herrera 2022ko mar. 25a, 13:30

Bruss, Lantegi Batuak,  Dendak Bai, Azterlan, Cafés Baqué, Gaursa edo Txirula Musik dira konpromisoa sinatu duten lantegietako batzuk. Zornotzako eta Iurretako Lanbide Heziketa zentroak ere konpromisora batu dira.

Hamar bat hilabete joan dira Mankomunitateak, Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak LANDUE egitasmoa martxan ipini zutenetik, euskara Durangaldeko lantegietan sustatzeko programa abiatu zutenetik. Denbora tarte horretan, egitasmora batutako lantegiak zerbitzuak euskaratzen, errotuluak euskaratzen eta oro har, euskararen erabilera sustatzeko lanetan ibili dira AEKren bitartekaritzagaz. Gaur, baina, egitasmora atxikitako 13 lantegiek eta 2 hezkuntza zentroek pauso bat gehiago eman dute aurrera: euskara euren eremu sozioekonomikoan garatzeko konpromisoa sinatu dute jendaurrean.

Gure enpresan beti izan dugu euskararekiko jarrera ona, baina ez dugu pauso handirik eman lan arloan", adierazi du Bihotz Zuluetak, Lantegi Batuak enpresako ordezkariak. LANDUEk eskaintzen duena "oso egokia" dela gaineratu du. Txirula Musik enpresako Mikel Moisének ere antzerako berbak izan ditu. "Musika eta kulturgintza arloko kideekin egiten dugu lan. Eta arlo horretan garrantzitsua da hizkuntza. Dendan izaten ditugun elkarrizketetan euskara ardatza da", azaldu du Moisének. Aurrera begira, 13 enpresek eta 2 hezkuntza zentroek bide horri jarraituko diote. Dena den, egitasmoaren bultzatzaileek adierazi dute ateak zabalik daudela enpresa gehiago batzeko.

Konpromisoa hartu dutenak

Honako enpresa hauek hartu dute euskara sustatzeko konpromisoa: Azkar, Azterlan, Cafés Baqúe, Bermeosolo, Bruss, Dendak Bai, Durangaldeko Enpresarien Elkartea, Gaursa, Gran Hotel Durango, Gure Kide, Iurreta Lanbide Heziketa, Lantegi Batuak, Tabira Berezi, Txirula Musik eta Zornotzako Lanbide Heziketa. Konpromisoak 800 bat langileri eragingo die guztira.

Esanak

  • Mireia Elkoroiribe (Mankomunitateko presidentea): "Durangaldea estrategikoa da euskararen biziberritzerako. Enpresek agertutako konpromisoari eskerrak, euskara ikusgaiago egongo da lan munduan".
  • Lorea Bilbao (Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua): "Enpresek balio erantsia emango diote euskarari, bai egunerokotasunean eta bai lehian. Gizarte elebiduna lortzeko ezinbestekoa da alor guztietako".
  • Bingen Zupiria (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua): "Enpresek dioskue, euskararekin, konpromiso arduratsu bat egiten dutela kudeaketa korporatiboanren arloan, eta horrek harremana duela hurbiltasunean, aniztasunean eta inklusibitatean". 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!