Klak! egitasmoak zazpi herritan korrika ipiniko ditu Durangaldeko ikasleak

Aritz Maldonado 2022ko mar. 25a, 14:30

Hiru urteko hutsunearen ondoren, Durangaldeko Gazte Klak! egitasmoak harrera egin gura dio euskararen aldeko ekimenik handienari. Horrela, Durangaldeko ikasle gazteak Euskal Herriko hainbat herritara eramango ditu Euskal Herria Korrika ekimenagaz. Apirilaren 1etik 9ra bitartean, zazpi herrialdeetan ekimen bana egingo dute Korrika babesteko.

Durangoko Ibaizabal eta Fray Juan Zumarraga institutuetako eta Iurretako Juan Orobiogoitia institutuko batxilergoko ikasleek parte hartuko dute bertan. Donibane Garazin eta Maulen (apirilak 4), Lekunberrin (apirilak 5), Murgian (apirilak 6), Tolosan (apirilak 8) eta Baionan (apirilak 9) egongo dira gazteak, hirukoteka banatuta; talde bakoitzak herri batean korrika egingo du. "Durangaldeko gazte ikasleekin zazpi herrialdeetan korrika egitea gura dugu", azaldu du Eneko Iraeta Gazte Klak! egitasmoko dinamizatzaileak. Korrika ez ezik, bertako eragile eta elkarteekin topaketak egingo dituzte gazteek; horrez gainera, herrietako lekurik esanguratsuenak ere bisitatu gura dituzte. Esperientzia partekatu eta hartu-emanak saretzeaz gainera, Durangaldeko gazteek kultur otzara banatuko diete bisitatuko dituzten herrietakoei. "Ikasleek eurek aukeraturiko Durangaldeko liburu bat, disko bat eta zerbait sinbolikoa izango dena banatuko dute", esan du Iraetak. Egun hauetako esperientzia bideoz grabatuko dute, gero kronika egiteko. "Ikasleak oso motibatuta daude eta igartzen da Korrikarako gogoa dagoela euren artean", gaineratu du. Azken finean, hiru urte izan dira Korrikarik barik. 

Klak! egitasmoa 1. eta 2. batxilergoko gazte ikasleen artean euskararen erabilera soziala bultzatzeko erronken bidezko proiektua da, hau da, euren artean euskararen erabilera bultzatzea du helburu. Horretarako, hainbat erronka plazaratzen dute. Sortu zenetik, honako ekimen hauek antolatu dituzte, besteak beste: ikastaroak, kontzertuak eta bertso saioak.

Harrera beroa
Korrika Durangaldera goizaldean helduko den arren, gazteek harrera beroa egin gura diote. 04:15ean hasita, kalejira musikatua egingo dute; gero, Gazte Kilometroan musikagaz itxarongo dute. "Giroa berotzen ahaleginduko gara, Korrika heldu orduko gu prest egoteko. Korrika gauez etorriko denez, harrera ikusgarria izan dadin ahaleginduko gara, beste ikasle eta gazte eragile batzuekin batera", esan dute. Gazte Kilometroa aurreko edizioan ere egin zuten, eta harrera ona izan zuela ikusita ekimena errepikatu gura izan dute. Goizaldeko ordu txikietan izango bada ere, aurten ere harrera beroa emango diote Korrikari Durangaldean. 

Horrez gainera, gazteek horma irudi bat margotuko dute azken egunetan Durangon, Gazteok H!TZEK!N leloagaz. Horma irudia Fray Juan Zumarraga institutuko batxiler artistikoko ikasleek egingo dute, Durangoko Komentukalean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!