Josean Odiaga iurretarra Bartzelonan (Katalunia) bizi da 2007tik, eta, harrezkero, bertan antolatu dituzten Korrika guztietan edo ia guztietan parte hartu du. Maddalen Iturriagagoitia abadiñarrak, ostera, aurtengoa bere bigarren Korrika izango du Euskal Herritik kanpora, Corken (Irlanda) hain zuzen ere. Durangaldeko kide bien berbetan, Euskal Herritik kanpora Korrikan parte hartzea eta euskararen aldeko aldarria zabaltzea "oso polita eta hunkigarria" da.
Korrika Bartzelonan
Bartzelonan apirilaren 2rako antolatu dute Korrika. Korrika txikia, 22. Korrika eta bazkaria antolatu dituzte, besteak beste. "Egun polita izaten da. Bartzelonan Korrikak jende dezente mugitzen du eta horrek esperantza txiki bat ematen digu. Horrelako ekimenekin ikusten da Euskal Herritik kanpora ere jendeak eutsi egin gura diola euskarari, eta hori ezinbestekoa da gure hizkuntzak bizirik irauteko", aitortu du Odiagak. Iurretarrak adierazi du Korrikak sortzen duen olatua urte guztiko ekimenetan islatzea garrantzitsua izango litzatekeela. "Urtean zehar, Bartzelonako Euskal Etxetik hainbat ekimen antolatzen dugu euskararen alde, eta horietan oso jende gutxik parte hartzen du. Horietan indarra hartzea oso garrantzitsua da", azaldu du Odiagak.
Korrika Corken
Corken apirilaren 3an egingo dute Korrika. Herrigunetik zehar ibiliko dira euskararen aldeko aldarria zabaltzen. Iturriagagoitiaren esanetan, "euskal komunitatea bateratzeko" eta hizkuntza minorizatu bat duen herrialde batentzat "eredu izateko" momentu aproposa izaten da Korrika. "Azken Korrika, esaterako, oso hunkigarria izan zen eta Corken bizi ziren gainerako euskaldunak ezagutzeko eta euskal komunitatea bateratzeko une aproposa izan zen", amaitu du abadiñarrak.