"Bakoitzak bere konpromisoak hartu behar ditu dagokion lekuan. Bestela, kosta egingo zaigu partida hau irabaztea"

Anboto 2022ko mar. 27a, 10:30

Mertxe Mugika Balantzategik (Elorrio, 1963) barru-barrutik ezagutzen du Korrikaren antolakuntza. AEK-ko koordinatzaile nagusi kargua utzita, orain eskualdetik bizi du Korrika. Urtebeteko atzerapenagaz, euskararen aldeko lasterketak Euskal Herri osoko euskaltzaleak mobilizatuko ditu. Aldarrikapena eta jaia uztartzen dituen ekimena apirilaren 1ean sartuko da Durangaldean, goizaldean. Lanean dabiltza dena prest izateko. Mugikak dioenez, Korrikako gaueko orduak izaten dira politenak. Korrikaren antolakuntza zelan doan azaltzeaz gainera, euskararen egoeraren inguruko gogoeta egin du elorriarrak. 'HitzEKIN' leloagaz bat egiten du.

Zein sentsazio duzue Korrikaren antolakuntzan eskualde mailan? Egun gutxi falta dira.
Pozik gaude. Azkenengo hilean badago Korrika gosea. Euskararen aldeko grina hori berpiztu egin dela igartzen dugu. Kalera irteteko gogoa nabarmena dela ikusten dugu. 

Durangaldetik goizaldean pasatuko da. Jendeak zer esaten dizue ordutegiaren inguruan?
Batzuek esaten digute, “zelako orduetan sartzen den Korrika eskualdean!”. Nik neuk beti esaten dut gaueko orduak izaten direla politenak. Korrika bizitzeko beste modu bat izango dugu oraingoan.

Zelako erantzuna jaso duzue herrietako batzarretan? Erantzun ona izaten ari zarete?
Betiko korrikazaleetatik aparte jende berria ere badator. Urtebeteko atzerapenak eragina izan du, hasieran kosta egin zen mugitzea, baina hori orokorra dela uste dut. Beste arlo batzuetako eragileekin berba egiterakoan konturatzen gara ‘nitasun’ hori geroago eta handiagoa dela. Korrikak, ostera, ‘gu’ izateko premia handia dauka. Baina orain ikusi dugu ‘gutasun’ horrek berriro ere irtengo duela kalera. Leloak berak dioen moduan, hitzen eta ekintzen unea da. Hitzetatik haratago joateko unea heldu da, eta horixe da Korrikak utzi behar duen arrastoa.

Urtebeteko atzerapenak eraginik izan du antolakuntzan? Gehiago kostatu zaizue dena martxan ipintzea?
Atzeratzea erabaki gogorra izan zen, baina dena prest izan dugu berriro ere martxan ipintzeko. Kostatu da berriro jendea erakartzea, bilerak egitea… beldur hori egon da. Gero, martxan ipini ahala eta beldurrak uxatzen joan ahala, oso ondo joan da. Esate baterako, sorpresa handia hartu dut Korrika Txikiagaz. Eskolek eurek ikusi dute beharrizana zegoela kalera irten eta euskarari ikusgarritasuna emateko. Horrelako erantzunak ikusita, argi dago aurrera goazela.

Une honetan euskararen inguruan antolatzen den aldarrikapen eta jairik motibagarriena izan daiteke?
Korrikak denerik dauka. Sei hilabeteko kanpaina indartsu bat da. Atzetik helburu ekonomiko bat ere badauka eta AEK-k Korrikaren beharrizana du Euskal Herri osoan lan egiteko. Gainera, aurten Euskaraldia ere tokatzen da. Baina, era berean, Korrika kontzientziak astintzeko ekimen bat da. Horrelako gauzak behar-beharrezkoak dira. Lasterketa bat ere bada, emozioz betea. Korrikak ikasleekin lantzeko ikas-unitateak ere baditu. Berbaldi sorta bat, Korrika kulturala, hedabideekin egiten den lanketa… Aukera asko ematen du kalera irteteko. Leku askotan ez duzu azaldu behar Korrika zer den. Belaunaldi bat Korrikagaz hazi da. Bizipenak barrutik bizi izan dituzte. Beraz, Korrikak uzten duen arrastoa oso handia da. Arlo aldarrikatzaileari dagokionez, Korrikak dei egiten die bai norbanakoei baita instituzioei ere. Sistema eragilean aldaketa egin behar da. Bakoitzak bere erabaki eta konpromisoak hartu behar ditu dagokion lekuan; bestela, kosta egingo zaigu partida hau irabaztea. 

Orain arte lehen lerroan bizi izan duzu Korrika, AEK-ko koordinatzaile nagusi lez. Orain, kargua utzita, eskualde mailan zaude. Beste modu batera bizi duzu Korrika?
Aldea izugarria da. Korrikaren aurpegia izatetik beste leku batera pasatu naiz, baina ilusio berdinagaz. Aspaldian ez dut bizi izan Korrika herri mailan, baina ikusi dut jende berria etorri dela eta ilusio berdinagaz jarraitzen dutela. Korrikak denok batzen gaitu, goian, behean zein erdian gaudenak. 

Euskalgintzan askotan esan dugu euskararen alde egotetik egitera pasatu behar dela esparru guztietan.
Bai, bestela nik neuk nekez ikusten dut partida hau irabaztea. Hortxe daude UEMAk eta Klusterrak egindako ikerketaren emaitzak. 

Zelan baloratzen dituzu emaitza horiek?
Ez dira txarrak. Botila zelan ikusten den da kontua. Ezagutzarik handiena duten eremuetan erabilerak gora ez egitea… baina agian dikotomia hori ere apurtu behar dugu. Badakigu beste politika batzuk martxan ipintzen ez diren neurrian erabilerak ez duela gora egingo. Uste dut hortxe dugula erronka. Norberaren hautuak ere garrantzi handia du. 

Ikerketa horren arabera, eremu zabalagoetan erabilera igo egin da apur bat.
Beraz, azkenengo azterketagaz alderatuta, batez besteko argazkia antzerakoa da. Datu horiek modu positiboan baloratzen ditut. Baina uste dut erabileran zeregin handia dugula; batez ere, gazteen eremuan. Ezagutzak aurrera egin du, baina erabilerak ez. Erreferenteak beharko dira…Gauzak aldatzen doazen neurrian gauza asko birpentsatzen joan beharko dugu. Denon beharrizana dago horrelako ekimen bat aurrera ateratzeko. 

Klaseak ematen hasi zara berriro. Zein da euskaltegien egoera?
Durangon, esate baterako, jendea harritu egiten da ditugun ikasle kopuruak esaterakoan. Durangaldea ezagutza aldetik oso aurreratuta dagoen irudipena dago, eta egia da, baina oraindino badago multzo handi bat euskarara erakarri behar duguna. Euskaltegietan hori ikusten dugu. Badago jendea euskaraz berba egin ahal izateko etortzen dena, beste batzuk titulu bat behar dutelako… ematen du euskaltegien beharra dagoela oraindino. Arlo sozioekonomikoan ere Mankomunitateagaz beharrean gabiltza, baita Berbalagunegaz ere. Oraindino AEKren moduko eragileen premia dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!