Durangaldeko bizikleta eskola eta Dromedario-Flotamet taldeak aurkeztu dituzte

Anboto 2022ko mar. 24a, 10:30

Talde guztiak kontuan hartuta 70 bat txirrindulari dituzte.

Durangaldeko txirrindularitza harrobiko taldeak aurkeztu zituzten atzo, Traña-Matienako Errota kultur etxean. Guztira 6 eta 18 urte arteko 70 bat gazte dabiltza hiru taldetan banatuta. Durangaldeko bizikleta eskolan 14 urtera arteko 51 ume dabiltza. Hortik gorako talde biak, kadeteena eta gazteena, Dromedario-Flotamet deitzen dira.

Kadeteen taldea, mistoa

Kadeteen taldea mistoa izango dela da aurtengo nobedade bat. Eskolan zebiltzan neskak hazten joan dira eta arduradunek erabaki bat hartu behar izan dute: nesken talde propioa sortu ala mutilak eta neskak talde berean batu. Bigarren aukeraren aldeko apustua egin dute."Kirol ikuspegitik, txirrindulari lez hezteko modurik onena da", adierazi zuen proiektuko arduradunetako bat den Joseba Gorostizak. Nesken egutegia osorik egingo dute eta mutilen lasterketa batzutan ere ibiliko dira.

Honako ziklista hauek daude kadeteen taldean: Kimetz Aramburu, Mikel Aranzabal, Unai Moran, Jon Zuburruti, Ioritz Aldazabal, Eneko Infante, Enetz Aranzeta, Laida Hierro eta Nahia Gartzia.

Gazteen taldea, berriz, zortzi txirrindularik osatzen dute: Oinatz Farelo, Aimar Galdos, Iñigo Gascon, Aiert Txurruka, Mikel Arrasate, Asier Alberdi, Aidan Garcia eta Martxel Iria.

Aurtengo beste nobedade bat da taldeek euren prestatzaile fisiko propioak izango dituztela. Kadeteena Xabier Arizmendiarreta izango da eta gazteena Ander Arteaga.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!