Bertsolaritzak osasun krisialdiagatik jasotako kolpeari erantzuteko asmoagaz sortu zuten iaz Durangaldea Uztabarritzen. "Bertsolaritzak, beste ekintza kulturalek bezala, osasun larrialdia dela-eta jaso zuen kolpe gogorrari erantzun guran antolatu genuen, eta Durangaldeko herrietan bertsoa presente egotea lortu genuen. Horrez gainera, bertso eskola osatzen duten kideek, bertsolari zein gai-jartzaileek, plazetaz gozatzeko aukera izan zuten, eta gonbidatutako bertsolariekin harremanak egiteko balio izan zuen zirkuituak", azaldu dute ohar baten bidez. Durangaldeko bertsolariez gainera, punta-puntako hamar bertsolari gonbidatu dituzte: Sustrai Colina, Onintza Enbeita, Ane Labaka, Maialen Akizu, Nerea Ibarzabal, Odei Barroso, Alaia Martin, Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio eta Manex Agirre.
Sei saiok osatzen dute zirkuitua, eta iazkoan egon ez ziren lekuetara hurbilduko dira.