Mankomunitateak harrera etxea sortuko du indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat

Anboto 2022ko mar. 10a, 12:48

Horrez gainera, adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzua eta gizarte larrialdietarako harrera-etxebizitza sortuko ditu. Neurriok gobernu taldeak eta oposizioko alderdi nagusiak adostu dituzte.

Mankomunitateak proiektu berriak garatuko ditu Gizarte Zerbitzuei dagokien arloan. Diagnostiko bat egin du, eta bertan aztertu ditu lehenetsi beharreko proiektuak. Honako proiektu hauek ipini gura ditu martxan, aurten: adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzua sortzea, gizarte-larrialdietarako arretarako harrera-etxebizitza bat sortzea eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako harrera-etxebizitza bat sortzea. Horrez gainera, hezkuntza eta gizarte arloko esku hartzeen zerbitzua indartuko du, arreta gizarte bazterkeria zein mendekotasun egoera jasaten duten helduengan ipinita. Neurriak gobernu taldeko alderdiek (EAJk eta Abadiñoko Independenteek) eta oposizioko alderdi nagusiak (EH Bildu) adostu dituzte.

Bestalde, Mankomunitateak bere gain hartu du erakundearen finantzaketa handitzeko konpromisoa. Inbertsioa egin gura du giza baliabideetan eta baliabide teknikoetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!