“Guri berdin digute NATOk, Errusiak zein beste edozeinek; gure bandera antimilitarista da”

Ekaitz Herrera 2022ko mar. 4a, 09:30

Sabin Bilbao (Durango, 1953) eta Eneko Baseta (Berriz, 1981) Durangoko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak dira. Urte biko etenaren ondoren, lanari berrekitea dute helburu.

Zerk bultzatuta erabaki duzue Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma berpizea?
Eneko Baseta: Plataforma etenda moduan egon da pandemia dela-eta, nahiz eta partaideen hartu-emanak aurrera jarraitu duen. Orain, dena lasaitzen dabilela dirudienean, natural etorri da plataforma berpizteko ideia.
Sabin Bilbao: Alde batetik, pandemia egon da. Baina, gero, badago beste arrazoi bat, laster Herri Ekimen Legegile bat eztabaidatuko da-eta Espainiako kongresuan. Atzerritarren erregularizazioaren aldeko lege ekimen bat da. Ikusiko dugu zein bide hartuko duen, baina 500.000 sinadura batu gura ditugu eta gaia Espainiako kongresura eramango da. Gureaz gainera, beste hainbat elkarte dago egitasmoaren atzean. SOS Arrazakeria eta Arrazalizatutako emakumeen mugimendua, adibidez. Asmoa sinadurak batzen jarraitzea da. Hego Euskal Herrian 35.000 batu beharko genituzke. Horretan gabiltza. Eta hortik hasi gura dugu berpizte hau.

Begiradak Ukrainan ipinita daude. Zein da egoeraz egiten duzuen interpretazioa?
S.B.: Sei urte bete ditugu Durangon hasitako mugimendu honegaz, eta hasiera-hasieratik hauxe izan da gure eslogana: gerrarik ez. Guri berdin digute NATOk, Errusiak edo beste edozeinek. Gure bandera antimilitarista da. Orain Ukraina dago denen ahotan, baina ez dugu ahaztu behar Sirian jarraitu egiten dutela bonbardaketek. Israelen, beste horrenbeste. Sahelen ere bai. Arazo hau militarismoak sortzen du. Eta guk, xeheak garenok, arazo horien ondorioak jasan behar izaten ditugu.

E.B.: Plataformaren ardatzetariko bat beste herrialdeetan gertatzen dena modu kritikoan ikusaraztea da. Herritarrek euren lurraldeetatik zergaitik alde egin behar izaten duten azaltzea. Armen kontrako kanpainak egiten ditugu, eta kontuan hartu behar da Euskal Herrian arma asko ekoiztu eta saltzen dela. Ez dakit gure lana inoiz baino beharrezkoagoa den ala ez, baina aukera ematen du mobilizatzeko eta gertatzen dabilena herritarrekin batera kalean salatzeko. 

Zelakoa izan da zuen ibilbidea orain arte?
Sabin Bilbao: Durangon enkarteladak, konferentziak, proiekzioak egin ditugu. Elkartasun Besarkada ere egin dugu. Plataformako talde eragilean gutxi batzuk gaude, baina ekintzetara jende gehiago etortzen da. Horixe da gure asmoetariko bat, talde eragile hori indartzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!