Gustura sentitzen zara solasaldi informal estiloko formatu horretan?
Bai. Azkenean, pribilegio bat da entzuleekin aurrez aurre egon ahal izatea eta sentitzea zuri entzuteko interesa dutela. Nire kontakizunak batzen diren lagunen espektatibetara egokitzen ahalegintzen naiz. Azken batean, ez baita berdina nerabeak, adin ertainekoak edo adinekoak batzea.
Solasaldia M8aren harira antolatu dute. Zelan bizi duzu egun hori?
Sentimendu gazi-gozoa daukat egun horrekin. Egon izan dira urteak uko egin diodana honelako ekimenetan parte hartzeari. Emakumeak urteko egun bakar batean baino existitzen ez ginen inpresioa nuen, eta, gainera, gai berberaren inguruan bakarrik hitz egiten genuela: emakumea eta literatura. Izan zaitezke espezialista XVIII. mendeko antzerkigintzan, eta gizona bazara horren inguruan hitz egingo duzu, baina emakumea bazara emakumeaz eta literaturaz hitz egingo duzu.
Gero, nire kontraesan betean, data honen inguruko ekimenetan parte hartzen segitu izan dut. Azkenean, nire belaunaldiak ez du berdintasunik ikusiko eremu honetan. Ez dut uste gizona eta literatura izeneko hitzaldirik antolatuko denik.
Eta hurrengo belaunaldiek ikusiko ote dute berdintasunik eremu horretan?
Tira, errealitate bat ere badago. Gero eta ikusgaitasun handiagoa dugu eta gero eta normalizatuago dago emakume idazleak izatea edozein eremutan. Baina oraindik falta da ikusgaitasuna erabat normalizatuta egoteko. Idazleen zerrendan, emakumeen kopurua %15ekoa zen lehen, eta gaur egun ez gara oraindik %30era heltzen.
Parera heltzeko asko falta dela uste duzu?
Bai, baina idazle kopuruan baino gehiago, emakume idazleen balorazioan edo euren lanari prestigioa ematerako orduan falta da asko. Emakumeari gehiago kostatzen zaio idazletzat hartua izatea gizonezko idazleekin konparatuta. Askoz ere hobeto egin beharko du eta askoz ere gehiago argitaratu beharko du. Gero, badago elementu bat asko arduratzen nauena. Haur literaturan, gehienak emakumeak dira. Nire ustez, Mariasun Landa izan da Euskal Herriak eman duen idazlerik handiena. Edozein idazleren gainetik, zalantzarik gabe. Baina haur literatura egiten duenez, bazterrean edo periferian geratzen da.
Euskal literaturan aitzindarietariko bat izan zara gai horiek mahai gainean ipintzen beste sortzaile batzuekin batera. 1987an, Jakin aldizkariko ale monografiko batean jaso ziren kezka horiek, eta une hori mugarri lez kokatzen dute askok. Ondoren, mahai-inguruak ere eskaini zenituzten. Orduan kontziente zineten egiten zenbiltzatena zein garrantzitsua zen?
Juan Mari Torrealdaik monografiko hori egiteko aukera eskaini zigun eta aukera ona izan zen hainbat ikuspuntu jasotzeko. Horren ostean, gure lan literarioarekin zerikusirik ez zeukan kritika gupidagabeak egin zizkiguten. Egileak emakume izateagatik kritikatu zen lan hori. Esperientzia hori oso mingarria izan zen. Itxaro Bordak, Arantxa Urretabizkaiak eta hirurok bizi izan genuen egoera hori. Torrealdaik Euskal idazleak, gaur maisulan mardulean jaso zuen kritika literario horiek ezer gutxi zeukatela literariotik. Baina ez zuten lortu gu amiltzea. Alderantziz, pizgarria izan zen guretzat. Gaur egun hirurok jarraitzen dugu literaturgintzan. Nik ez dut ezer argitaratu azkenaldian, baina idatzi bai, idatzi dut, eta aurrerago argitaratuko dut.
Laster ikusiko dugu zure lan berriren bat?
Argitaratuko dut zerbait, hori badakit, baina ez dakit laster izango den; epe laburrean seguruenik ez. Idazteko grinarekin jarraitzen dut eta badut nobela bat amaituta, baina oraingoz ez argitaratzea erabaki dut argitaletxearekin batera. Idazten den guztia ez da zertan argitaratu. Gero eta exigenteagoa naiz neure buruarekin.
Konpromiso politiko handia erakutsi duzu zeure ibilbidean. Eusko Legebiltzarrean bozeramaile ere izan zinen urte bian. Zelan gogoratzen duzu sasoi hura? Sentitzen duzu ezeren faltarik?
Ez dut sasoi horren faltarik nabaritzen. Alderantziz, garai bakarra izan da nire bizitzaren jabe izan ez naizena, eta ez da sentsazio atsegina. Orduan hartutako erabakiaz eta neurri batean anonimotasuna berreskuratu izanaz oso pozik nago. Ez nuke ezergatik ere aldatuko.