Iurretako igoera faserako sailkapena lotzen saiatuko da liderraren etxean

Joseba Derteano 2022ko ots. 25a, 17:00

Iurretarrek irabazi zuten Elorriok eta Iurretakok jokaturiko derbia. Jon Iglesias

Ohorezko Mailako lehenengo fasea asteburu honetan amaituko da eta Iurretakok asko du jokoan. Une honetan bosgarren dago, igoera faseko azken postuan, baina Bermeok ere postu horixe du jomuga eta talde biak puntuetara berdinduta daude.

Beraz, asteburuko azken jardunaldian erabakiko da dena. Iurretakok Erandio liderraren etxean jokatuko du. Ez dago esan beharrik partidu gatxa dela, baina badaude baikor egoteko arrazoiak: esaterako, aurten Iurretako etxean baino indartsuago dabil etxetik kanpora —bost garaipen—. "Sailkapena gure esku dago eta horretan saiatuko gara", dio Jon Gurutz Vazquez entrenatzaileak

Elorrio aukerarik barik

Elorrio ere igoera faserako borrokan ibili da, baina aukerarik barik heldu da azken jardunaldira. Une honetan, puntuetara berdinduta dago Iurretako eta Bermeogaz, baina asteburuan atseden hartzea egokitu zaionez, ezin du puntu gehiagorik batu.

Orain asteburu bi, Iurretakok eta Elorriok derbia jokatu zuten Eleizalde futbol zelaian. Orduan, talde biek zituzten aukerak, eta bete-beteko derbia izan zen. Elorrio aurreratu zen, baina Iurretakok buelta eman zion markagailuari, hiru gol sartuta (1-3). Euretariko bi Fernando Amorebietak sartu zituen. Athleticen eta beste hainbat taldetan —Fulham,  Middlesbrough…— ibilbide profesional luzea izan eta gero, 36 urteko iurretarra etxera bueltatu da aurten, bere sorterriko klubera, eta azken partiduak titular jokatu ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!