[ERREAKZIOAK] Durangaldeko osasun arreta aztertzeko akordioak erreakzio sorta eragin du alderdien artean

Anboto 2022ko ots. 18a, 13:05

Usansolo-Galdakaoko ospitalea.

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-Ezker Batuak akordioa sinatu dute Legebiltzarrean, Osasun Sailari Durangaldeko osasun zerbitzuak dituen beharrak aztertzea eta hartu beharreko neurriak planifikatzea eskatzeko.

Itxaso Berrojalbiz (EAJ): "Badakigu hori dela Jaurlaritzaren lan egiteko modua: entzutea, gauzak diskrezioz egitea, aztertzea eta irtenbideak ematea herritar guztien osasun-arretaren kalitatea hobetzeko, kasu honetan Durangaldean bizi direnena. [...] Baina, horretarako ezin gara presaka edo gaizki argudiatutako ideiekin joan. Aztertu egin behar da, sakon aztertu ondoren ondorioztatzeko".

Durangaldeko EH Bildu: "Akordioaren lehen zatiak aipatzen du urtebeteko epean egin beharko direla azterketa lan horiek. EH Bilduren ustez epe laburragoan egin beharko lirateke, baina hala ere positibotzat jotzen du beharrak aztertu eta planifikazioa egiteko konpromisoa".

Isabel González (Elkarrekin Podemos - Ezker Batua): "Azterlan honekin ez da aitzakiarik egongo Durangaldeko egoera zailean esku hartzeko eta irtenbidea topatzeko. [...] Pediatria arloko larrialdi bat dagoen aldiro 40 minutu behar izaten ditugu Gurutzetako ospitalera iristeko eta ez dago bertaratzeko garraio publikorik".

Ekain Rico (PSE-EE): "Izurriak hobera egin duen honetan, intzidentzia gutxiagorekin gauden honetan, ZIUetako eta ospitaleetako presioa txikiagoa den honetan, uste dugu une egokia izan daitekeela Durangaldeko eragileek planteatu duten bezala, eskualdeko osasun arreta aztertzeko eta ebaluatzeko".

Durangoko Udala: “Eusko Legebiltzarreko lau alderdien arteko akordio honek erakusten du osasuna indartu egin behar dela, gobernu taldetik urteetan aldarrikatu dugun bezala. Hainbatetan egin dugu aldarri hori, uztaileko Osoko Bilkuran azkenekoz, eta bertan, esaterako, EAJk lehen mailako arreta eta pediatria zerbitzua hobetzearen aurka bozkatu zuen. Lau alderdik sinatutako akordio honek zein puntutara arte emaitzak emango dituen ikusiko da datozen hilabeteetan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!