Batez ere, emakumeak dira obra koral honetako protagonistak. Mireia Gabilondo Mia da, etxeko egunerokoan ezinbestekoa den andrea. Branko semeak (Xabi Lopez 'Jabato') 25 urte betetzen dituela-eta, ospakizun festa prestatu dute etxean, eta horixe izango da lanaren ardatza. Fernando Bernuesek zuzendu du lana, eta Gabilondoz eta Lopezez gainera, zortzi aktorek lan egiten dute haren gidaritzapean:, Miren Arrietak, Ane Gabarainek, Klara Badiolak, Asier Iruretagoienak, Maria Redondok, Martxelo Rubiok, Jose Ramon Soroizek eta Dorleta Urretabizkaiak. Jatorrizko lana Ivor Martinic kroaziarrarena da; antzezlana 2011n estreinatu zen, Zagreben. Protagonisten berbetan, familia baten "eguneroko bizitza eta gorabeherak" erakusten ditu lanak.
Topaklown bertan behera
Bestalde, eguaztenean, San Agustin kulturguneak eta Ganso&Cia konpainiak sare sozialen bitartez jakinarazi zuten aurten ez dutela Topaklown jaialdia antolatuko. Hala ere, San Agustinek eta Ganso&Ciak lanean jarraituko dutela iragarri dute, Durango "urteroko tontakeria dosirik" barik ez geratzeko.